Euskararen erabilera areagotzeagatik jaso dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aitorpena. Hainbat urtean euskara planak garatzen ari dira bertoko enpresetan
Beste hainbat alorretan moduan, lan munduan ere badira euskararen erabilera areagotzeko lan egiten dutenak, eta horietako zenbait saritu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Sarien bitartez. Bizkaiko bost enpresek jaso dute aipatu aitortza, horien artean, Ajangizko Maier, Etxebarriko Eika eta Berriatuko Cikautxo sozietate kooperatibek.
Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak eman dizkie sariak. Mundakarrak azpimarratu du, «euskarak enpresa munduari balio erantsia ematen» diola, eta saria jasotako bost enpresak beste askorentzako «eredugarri» izan daitezkeela deritzo. Era berean, ahaldun nagusiak uste du «bere hizkuntza zaintzen duen enpresa bat arima duen enpresa bat dela, eta hori mundu globalizatu honetan geroz eta estimatuagoa dela». Hain zuzen, «lan arloko ekimenetan euskararen geroa bermatzeko aitzindari eta eredu direlako eta egun ere hizkuntzaren aldeko apustuari sendo eta irmo eusten diotelako» jaso dute saria.
Ez da saritzen dituzten lehen aldia. Iazko azaroan, esaterako, azken 25 urteetan enpresetan euskara planak egiten hasi zirenetik bidelagun izan dituzten erakunde, bezero, lankide eta kolaboratzaileen lana aitortu zuen Elhuyar Fundazioak; sarituen artean zeuden Maier eta Cikautxo.
1991an hasi zen Elay taldea euskara planak martxan jartzen, eta Elhuyarregaz batera, 26 urtean hainbat enpresekin egin dute lan. Gaur egun, 500 enpresa baino gehiagotan ari dira hizkuntza uztartzen, euskara planei esker.
Euskara planak
Enpresak egituratzen, antolatzen laguntzen ditu Elhuyarrek. Maddi Etxebarria Elhuyar aholkularitzako koordinatzaile nagusiak azaldu duenez, «enpresa eta erakundeen ezaugarriak eta beharrizanak identifikatu eta horiei egokitzen zaizkien planak ideiatzen dituzte, hartara, euskararen alorrean aurrerapausoak ematea ahalbidetuz». Ardatz bi kontuan hartzen dituzte: lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza. Eta horietan enpresak eduki ditzakeen hizkuntza elementu guztiak jasotzen dituzte. Hizkuntza ondo kudeatzeko egin beharrekoa ere aztertzen dute.
Elhuyarrek enpresako ohiko kudeaketan euskara plana txertatzen ere laguntzen du, «beste edozein planifikazioren moduan». Bestetik, enpresek euskara ziurtagiriak eta diru laguntzak lortzeko irizpide eta aholkuak ere ematen dituzte.
“Enpresa handietan gauza batzuk egituratzen ez badira, arriskua izaten da beste joera bat izateko; are gehiago, enpresa bateko kanpo bezeroak atzerritarrak direnean”
Enpresa batean euskara bermatzea «momentuko hiru-lau euskaldunen kontua baino, arduradunak aldatuta ere, martxan jarraituko duen zerbait izatea» bilatzen du Elhuyarrek, eta, horretarako ikusten ditu garrantzitsu euskara planak. Izan ere, «horrelako enpresa handietan gauza batzuk egituratzen ez badira, arriskua izaten da beste joera bat izateko; are gehiago, enpresa bateko kanpo bezeroak atzerritarrak direnean».
Maierren eta Cikautxon ezeze, Etxebarriko Eikan, Berriatuko Kiden eta Markina-Xemeingo Fagor Arrasaten ere euskararen normalizaziorako lanean ari dira urteetan. Horien euskara planen aholkularitzaz Emun arduratzen da. 1997. urtean sortu zuten Emun, eta geroztik, Euskal Herriko gizartearen garapenaren alde lan egiten dihardu, euskararen egoera normalizatzeko misioa eurena eginez.
“Aitorpen horiek esan nahi dute baten bat ohartu dela enpresek eskualde bat garatzen ez ezik, balore ekonomikoez gaindiko ekarpena ere egiten dutela, zerbaitetan laguntzen dutela”
Emuneko aholkularia da Urrate Etxaburu ondarrutarra, eta aipatu enpresetan lana euskaraz egin dezaten eta horren kudeaketa gauzatzen laguntzen dutela azaldu du, «beste jardunetan, dela irakaskuntzan, dela kulturan, dela administrazioan…, euskarak lortu duen ibilbidea lan eremuan ere osatzea», kontuan hartuta, eguneko jardun handiena lanean igarotzen duela jendeak. Etxaburuk dioenez, «politika guztiak beste alor batzuetara daude bideratuta, eta premia handiena daukan lan eremua umezurtz geratzen da».
Aipatu enpresek horrelako aitorpenak jasotzen dituztenean «poztu» egiten dira aholkulariak, eta aletxoa jartzen dutela uste arren, ahalegina enpresek egiten dutela deritze. «Aitorpen horiek esan nahi dute baten bat ohartu dela enpresek eskualde bat garatzen ez ezik, balore ekonomikoez gaindiko ekarpena ere egiten dutela, zerbaitetan laguntzen dutela».
Elhuyarrek eta Emunek eskainitako aholkularitzaz gain, AEK-k ere lan handia egiten du lan munduan: Lea-Artibai eta Busturialdeko enpresetan eskolak ematen ditu urte luzez.