«Dimentsio handia hartzen du txapelketan egiten duzun denak»
Bere lehen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetaraino ailegatu da Markina-Xemeingo bertsolaria; «oso pozik» eta «esker oneko» gelditu da lortu duen emaitzagaz.Zelan bizi izan duzu Bertsolari Txapelketa Nagusia?Umetatik jarraitu dut publi...
Bere lehen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaurrekoetaraino ailegatu da Markina-Xemeingo bertsolaria; «oso pozik» eta «esker oneko» gelditu da lortu duen emaitzagaz.
Zelan bizi izan duzu Bertsolari Txapelketa Nagusia?Umetatik jarraitu dut publiko modura harmailetatik edo telebistatik, eta, beraz, niretzako pertsonalki bazeukan estatuz handi bat hasiera batean paniko pixka bat ematen zidana. Baina, aldi berean,, banekien beste batzuk, finalera begira zeudenak, presio handiagoa izango zutela nik baino. Nik Bizkaikoan neukan gehiago sentsazio hori, ondo egin nahi nuen, eta hemen ere ondo ibili nahi banuen ere, banekien lehen itzulian kanporatzen baninduten ere ez zela ezer gertatuko eta inor ere ez zela asko-asko harrituko. Dena amaituta, espero nuena baino asko hobeto joan zaidala ikusten dut, agian, ez dudalako nire helburua hasieratik oso argi eduki. Trankil joan naiz, lehen fasea ondo, bigarrena bueno, hurrengoa ondo, eta amaieran, oso gustura.
Zelan prestatu zara txapelketarako?
Espero barik ere asko entrenatu dut. Markina-Xemeinen Joseba eta Maddigaz astero, Lekeition berriz, Xabat, Onintza, Ander Elortegi eta Iturri batzen ginen entrenatzen laguntzeko, eta gero, Hernaniko bertso eskolan beste batzuekin. Nahi barik ez dut deskonektatu inoiz, eta igarri egin da. Neure kabuz ere koadernoko lana ere egin dut.
Txapelketa Nagusiko publikoa ze begitandu zaizu?
Igarri dudana da egiten genuen guztiak hedapen handiagoa zuela izan da. Hedabideak ere hirukoiztu egiten dira, lurralde ezberdinetako jendea eta aurpegi berriak. Publiko heterogeneoa da, eta jarrera ezberdina dauka. Jendeak barruan daraman epailea elikatzen du, ez da ohiko plaza bat izaten. Baina plazako ukitua ematen duzun momentuan esker onekoak dira.
Jende asko joan da saioetara zu animatzera.
Zentzu horretan guztiz esker oneko nago. Saioetan animoak emateko pankartak ikusten nituen, eta pila bat eskertzen da, nire izena esan eta berehala hasten ziren animatzen.
Komunikabideetan asko azaldu zara. Zelan eraman duzu?
Nik ez dut asko nabaritu hori, baina bertsolari ezagunek hau kudeatzen nahikoa lan izaten dute. Hiru hilabete fokoen azpian zaude uneoro, eta sare sozialen bidea animoak eta bidaltzen dizkiete. Dimentsio handia hartzen du egiten duzun denak, eta uste dut erlatibizatzen jakin behar dela. Jakin behar da betiko Nerea zarela, 12 urtetik kantatzen ari dena, eta ez dela ezer aldatuko komunikabideetan agertu arren. Momentuko kontu bat da, gainera. Udazken honetan egongo gara fokopean, eta martxoan ez digute kasurik ere egingo.
Zure puntu gogor edo ahulenak zeintzuk izan direla uste duzu?
Egun bakoitzean modu baten. Hasierako faseari saio normal baten itxura hartu nion. Finalaurrekoetan, berriz, Maule-Lextarren urduriago nengoelako eta publikoa nahikoa hotz nabaritu nuelako, ez nintzen oso gustura ibili. Amurrion trankil nengoenez, berriz, ondo.
Zeintzuk ikusten dituzu finalean?
Amets gehi beste sei betiko ikusten ditut finalean, bat egongo da hor berria. Zapatuan erabakiko da zortzigarren hori zein izango den. Lehen hiru postuak ahal dira asmatu. Maialen eta Mendiluze hor ibiliko dira, Igor eta Sustrai ere ondo dabiltza. Bakoitza bere estiloan, baina bertso maila ezin zaio eztabaidatu inori eta egin duten lan beldurgarria ere ez. Jon Maia, Miren Amuriza edo Oihana Iguaran zortziko horretan sartu daitezkeela uste dut. Mirenek eta Oihanak zapatuan kantatuko dute, euren esku egongo da.