Urtarrilean bere laugarren Dakarra lehiatuko du Txomin Arana Kobeagak (Ereño, 1985). Dirua lortzeko asmoz, bihar Gernika-Lumoko Merkatu Plazan egingo dute Dakar Festa.
Aurrekoetan ez bezala, Dakar festa aurten Gernika-Lumon izango da. Zer prestatu duzue?
Aurrekoetan Kortezubin egin da, baina jendeari erraztasuna ematearren egingo dugu Gernika-Lumon. Egitarau aldetik aldaketak daude. Beste urteetan herri kirolak egiten zituzten, eta aurten pilotu katalan bat etorriko da motorragaz ikuskizuna ematen. Gauean Ondarroako talde bat etorriko da kontzertua ematera. Jai polita izango da.
Zelan doa diru bilketa?
Oraindik zerbait geratzen da behar duguna osatzeko. Ez dakit seguru zenbat gehiago batu behar dugun. Crowdfunding kanpaina martxan dago, eta horren bitartez ari gara ahal duguna egiten.
Herritarrek babesa erakusten dizute beti, bai momentu onenetan bai eta latzenetan ere.
Babes hori sekulakoa da; Dakar Festara jende asko etortzen da. Laguntzen nauten guztiek euren borondate on guztia jartzen dute, eta asko eskertzen da. Presio apur bat ere ematen du, baina gustura hartzen da. Dudarik ez babes horrek asko laguntzen duela. Momentu txarretan jendea hor egotea pila bat eskertzen da, onenetan baino gehiago.
Gutxi geratzen da zure laugarren Dakarrarerako. Zelan doaz prestaketak?
Egia esan ez dut denbora askorik eduki errekuperatzeko. Lesio nahiko gogorra eduki nuen, eta urte eta erdi geldirik egon naiz. Bederatzi hilabete daramatzat motor gainean, ondo sentitzen naiz, baina oraindik ez nau %100. Ahal izan dudan neurrian prestaketa ona egin dut. Aurrekontua kontuan hartuta, egin ahal izan ditudan rallyak egin ditut, eta emaitzak ere onak izan dira, espero baino hobeak. Ahal den ondoen helduko gara Dakarrera.
Motorra prest duzu?
Orain dela bi urteko husqvarna motorragaz noa, baina berriztuta. Marokoko rallya lehiatu dut haregaz, motorrera egokitzeko eta ohitzeko. Prest dago; aurreko astean Holandan egon ginen motorra konpontzen, motor berria sartzen… Dakarrari aurre egiteko moduan jarri dugu, eta uste dut ondo joango dela. Atzo bidali genuen hara, eta hilabete barkuan egingo du. Zumarragako Zatika kontzesionarioaren laguntza dugu oraingoan. Espainiako Txapelketan, eta Grezian eta Sardinian erabili dudan motorra hark utzi digu entrenatzeko.
Aurreko urteetako prestaketa berdina burutuko duzu ala zerbait aldatzea erabaki duzue?
Aurten ere Granadara noa. Etzi joan eta 20 egun egingo ditut bertan, ea altueran aklimatatzen naizen. Gutxi gorabehera dena dago prest, barkuan bidaltzen dugu ahal dugun guztia, gauza puntualak izan ezik. Lasaiago joango naiz. Oraingo honetan, printzipioz, betiko mekanikoa
Pipi eta biok goaz bakarrik.
Besteengandik ezberdina izango dela aurreikusten duzue?
Bai, nahiko desberdina izango da. Perun hasten dugu eta zazpi egunez harea eta duna artean ibiliko gara, eta nahiko gogorra izango da bai motorrentzat baita guretzat ere. Hainbeste hare eta duna Dakarrean ez dugu inoiz izan. Aurre egin beharko zaio.
“Amaitu ez arren niretzat orain dela bi urtekoa izan da Dakarrik onena”
Aurten joan ezin izateak, eragina izango al du?
Eragina eduki dudan lesioagatik izango du. Azkenean beti igartzen da. Baina ondo preparatu dugu. Aurrekoetan baino rally gehiago egin ditugu; beste urteetan motokrosean zentratzen izan gara urte amaiera arte, eta aurten rallyak egin ditut. Uste dut horrek lagunduko digula.
Aurreko hiru Dakarretan bizitakoak zertan lagunduko dizu?
Dakar denetan ikasten da zer edo zer. Esperientzia asko da; dagoeneko badakit zer den, zer topatuko dudan, eta asko laguntzen du horrek. Besteetan baino lasaiago joango naiz, baina inoiz ez da jakiten zer topatu litekeen bertara heldu arte.
Orain artekoetatik zein izan da bereziena? Eta gogorrena?
Bereziak denak dira. Lehenengoa lehenengoa delako, eta amaitu nuelako. Oso gogorra egin zitzaidan, lehena zelako eta motorra eta baliabideak ere nahiko eskasak zirelako. Helmugara heltzea lortzea kristona izan zen. Bigarrenean motor hobeagaz emaitzak oso onak izan nituen, 16. postuan amaitu nuen; Dakar batean egin dudan posturik onena izan da. Eta hirugarrena ez nuen amaitu baina niretzat Dakarrik onena izan da: zazpigarren postu bi, sailkapen orokorrean 11. jausi nintzen arte…
2015eko emaitza horiek borobiltzea al da asmoa?
Ez da izango erraza orain dela bi urteko postuetan ibiltzea. Pilotu oso onak daude; 30 bat pilotu ofizial egongo dira motor oso onekin eta berriekin, gurea baino askoz hobeekin. Nik orain dela bi urteko motorra daramat. Euren baliabideak hobeak dira, eta kontra egitea oso zaila da. Baina ahalegina egingo da. Lehen 30en artean sartzea da helburua. Lehenengo eta behin amaitu, eta 30en barruan banabil ez da emaitza txarra izango.
Zerk egiten du horren berezi Dakarra?
Denok galdetzen duguna da. Han gaudela sufritzen duguna sufrituta, zelan bueltatzen garen askotan pentsatzen dugu. Kristoren abentura da, eta engantxatu egiten du. Gustuko dugun karrera bat da. Nahiz eta gogorra izan beti bueltatzeko gogoa edukitzen dugu.
Azken garaipena Valentzian lortu duzu azaro hasieran: Espainiako Rally TT Txapelketa.
Aitzin-etapan lider ipini nintzen, eta hurrengo etapetarako pentsatu nuen hurreratuko zirela, baina lehen egunean liderra izan nintzen eta bigarrenean denbora gehiago atera nien. Ez nuen irabaztea espero, eta poztekoa da; beste konfiantza puntu bat eman zidan.
Grezian bigarren sailkatu zinen irailean, eta Sardinian zazpigarren ekainean. Horiek ere Dakarrera begira lehiatu dituzu.
Sardiniakoa izan da aurten lehiatu dudan lehen rallya. Polita da, menditsua eta nabegazio aldetik entrenatzeko oso ona. Hainbeste denbora korritu barik egon ondoren bospasei eguneko rallyan egotea nahiko gogorra egin zitzaidan. Hirugarren postua lortu nuen azken egunean. Egun batean erori eta denbora asko galdu nuen. Baina balantzea positiboa da; rallya amaitu nuen, eta helburua hori zen. Baja Aragonen bi egun korritu nituen. Preparatzeko lasterketa zen, eta azken egunean erori eta ezin izan nuen amaitu. Baina rally denak nahiko positiboak izan dira; batez ere, Greziakoa bigarren amaitu nuelako Dakarrean punta-puntan ibiltzen den Stefan Svitko txekiarraren atzetik. Nire kategorian irabazi egin nuen, eta pozik irten nintzen.
“Nahiz eta gogorra izan beti bueltatzeko gogoa edukitzen dugu”
Marokon ere izan zara berriro.
Marokoko karrerak giltzarri izan dira. Dakarra prestatzeko oso onak dira; hara goazen pilotu denok joaten gara. Bi rally jarraian egin ditut, eta Dakar bat korritzea legez izan da. Seina egunekoak izan dira, hiru eguneko tarteagaz. Lehena Enduro mailan irabazi egin nuen, bigarren rallyan erdi gaixorik nengoen, eta nahiko gogogorra egin zitzaidan. Gaixorik 7-8 ordu motorrean aritzea gogorra egiten da. Behintzat rallya amaitzea positiboa izan zen.
Eta etxera bueltatuta, Arratzuko Enduroa irabazi zenuen maiatzean, lesiotik osatu berri.
Lesioaren ostean egin nuen lehen lasterketa izan zen. Ordura arte motorrean apenas ibili barik nengoen; motorrera berriro igo eta pare bat astera izan zen. Justu aste horretan eman zidan alta medikuak eta korritzeko gogoa nuen. Presio barik joan, eta ondo ikusi nintzen, gustura.
Motorrak momentu zoriontsuak eta momentu latzak bizitzea ekarri dizu. Bete gabeko ametsik ba al duzu?
Dakar hau amaitzea da ilusio bat, eta orain dela bi urte esku-eskura eduki nuena, lehen hamarrean artean sartzea kristona litzateke. Hori izango zen amets bat, baina ea lortzen dudan. Uste dut oraindik urrun dagoela baina ahalegina egingo dugu, eta ea zer gertatzen den.
DAKAR FESTA:
- 13:00-14:30. Stunt Show erakustaldia Narcis Roca pilotuagaz.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 17:30-18:00. Txomin Arana Dakar 2018 aurkezpena.
- 18:30-22:30. Zuzeneko musika Itzalak taldearekin.