'Presunto Culpable' telesaila grabatzen hasiko dira gaur
Atresmediak Boomerang TVren laguntzagaz ekoiztutako Presunto Culpable telesailaren agertoki izateko aukeratu dituzte Bermeo eta Mundaka. Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, gaur bertan hasiko dituzte Bermeon grabaketak.Horregatik, gaurko 12:00etatik bar...
Horregatik, gaurko 12:00etatik barikuko 04:00ak arte Artza frontoiaren aurrealdea itxi egingo dute ibilgailuentzat. Lamerako aparkaleku gehienak eta liburutegi aurrekoak ezingo dira erabili aipatu orduetan.
Irune Ormaetxea Bermeoko Udaleko turismo zinegotziak azaldu duenez, herriko hainbat toki «zoragarri» agertuko dira telesailean: portua, Tala, Alde Zaharra, Matxitxako eta Gaztelugatxeko San Juan, besteak beste.
Uztailetik hainbat bilera izan ditu Ormaetxeak Bilbao Film Comission, Atresmedia eta Boomerang TVko arduradunekin.
Ormaetxeak adierazi duenez, bilera horietan Bermeon grabazioak egiteko dauden kokapenak eta herriak eskaintzen dituen aukera eta toki ederrak erakutsi dizkiete: «Gure ondarea, ingurumena, historia eta ohituretan interes handia agertu zuten, eta, hori dela eta, Bermeo eta gure identitatea eta izaera telesailean agertzea erabaki dute».
Etorkizunerako «ona»
Ormaetxearen ustez, Bermeo Presunto Culpable telesailaren eta beste produkzio batzuen agertoki izateak «herriaren edertasuna, identitatea eta nortasuna erakusten lagunduko du». Etorkizunean, beste alde batetik, herriaren garapen ekonomikorako «ona» izan daitekeela adierazi du, «ez bakarrik turismo sektorean jarduten duten herriko enpresentzat, baita ere beste era bateko zerbitzu enpresentzat».