Ispasterko Udalak haur eta gazte literatura lehiaketa antolatu du
Lanak abenduaren 22ra arte jasoko dituzte udaletxean edo posta elektronikoz. 2002 eta 2011 urte bitartean jaiotakoek parte hartu dezakete. Hiru kategoria bereiztu dituzteHerriko ume eta gazteen artean euskal literatura sustatzeko asmoz. Ispasterko I. H...
Lanak abenduaren 22ra arte jasoko dituzte udaletxean edo posta elektronikoz. 2002 eta 2011 urte bitartean jaiotakoek parte hartu dezakete. Hiru kategoria bereiztu dituzte
Herriko ume eta gazteen artean euskal literatura sustatzeko asmoz. Ispasterko I. Haur eta Gazte Literatura Lehiaketa antolatu du udalak.Aurkeztutako lanak euskaraz idatzitakoak izan behar dira. 2002 eta 2011 urteen artean jaiotako herritarrek parte hartu dezakete. Halaber, Ispasterren erroldatutako egotea edota udalerriko eskolan matrikulatuta egotea beharrezkoa da parte hartu ahal izateko.
Adinaren arabera hiru kategoria bereiztu dituzte; A kategoria 2009-2011 urteetan jaiotakoena da, B kategoria 2006-2008 urteetan jaiotakoena, eta C kategoria 2002-2005 urteetakoena.
Bakoitzak nahi duen gaiari buruzko lana aurkeztu dezake (gai librea), eta gehienez 300 hitz eduki ditzake. Hala, parte hartzaile bakoitzak idazlan bakarra aurkeztu dezake, betiere aurretik beste lehiaketaren batera aurkeztu barikoa edota argitaratu barikoa.
Abenduaren 22a da beharrak aurkezteko azkenengo eguna. Horretarako bi aukera eskaini ditu udalak. Batetik, posta elektronikoz bidali daitezke kulturetxea@ispaster.net helbidera, eta bestetik, lanak gutun azal batean sartu eta udaletxean utzi daitezke, goizetan, 14:00ak arteko ordutegian.
Modu batean zein bestean aurkeztu, lanak PDF formatuan eman behar dira. Epaimahaiak egilea zeintzuk diren ez jakiteko goitizen batez sinatu behar dira, eta, beraz, egilearen datu pertsonalik ez da agertu behar. Lanagaz batera, datuen fitxa ondo beteta aurkeztu behar da. Udalaren webgunean (www.ispaster.net) eskuratu daiteke.
Ispasterko Udalak lehenengoz antolatu duen lehiaketaren irabazleak zeintzuk diren datorren urtean argituko da. Hain zuzen, urtarrilaren 5ean Udal Liburutegian banatuko dituzte sariak, 18:00etatik aurrera.
Jakitera eman dutenez, epaimahaiaren arabera idazlanak ez balira «beharrezko» kalitate mailara iritsiko, sariak eman gabe uzteko erabakia hartu ahalko lukete. Epaimahaikideak Ispasteko Udalak izendatuko ditu.
Sariak
A kategoriako eta B kategorietako irabazleek liburuetan 100 euroko balioa duen txartela eta diploma jasoko dituzte. C kategoriako onenak, berriz, Mendexa Aventura Parkerako bi sarrera, liburuetan 75 euroko balioa duen txartela eta diploma bat hartuko ditu.