Asteon hasiko dira 'Presunto Culpable' telesaila grabatzen Bermeon
Horregatik, biharko 12:00etatik barikuko 04:00ak arte Artza frontoiaren aurrealdea itxi egingo dute ibilgailuentzat. Horrez gain, Lamerako aparkaleku gehienak eta liburutegi aurrekoak ezingo dira erabili aipatu orduetan.
Atresmediak Boomerang TVren laguntzarekin ekoiztutako telesaila da Presunto Culpable, eta Bermeo agertokietako bat izango da, bai eta Mundaka ere.
Asteon hasiko dira grabaketak egiten Bermeon, eta Irune Ormaetxea turismo zinegotziak azaldu duenez, Bermeoko hainbat toki “zoragarri” agertuko dira telesailean: Bermeoko Portua, Tala, Alde Zaharra, Matxitxako eta Gaztelugatxeko San Juan, besteak beste.
Uztailetik hainbat bilera izan ditu Bermeoko turismo zinegotziak Bilbao Film Comission, Atresmedia eta Boomerang TVko arduradunekin. Ormaetxeak adierazi duenez, bilera horietan, Bermeon grabazioa egiteko kokapen ezberdinak eta herriak eskaintzen dituen aukera eta toki ederrak erakutsi dizkiete: “Gure ondarea, ingurumena, historia eta ohituretan interes handia agertu zuten, eta, hori dela eta, Bermeo eta gure identitatea eta izaera telesailean agertzea erabaki dute”.
Ormaetxearen ustez, Bermeo Presunto Culpable telesailaren eta beste produkzio batzuen agertoki izateak “herriaren edertasuna, identitatea eta nortasuna erakusten lagunduko du”. Etorkizunean, bestalde, herriaren garapen ekonomikorako “ona” izan daitekeela esan du, “ez bakarrik turismoaren sektorean jarduten duten enpresentzat, baizik eta beste era bateko zerbitzu enpresentzat ere”.