Urriaren 16an hasi zen LAB sindikatua ekimen honegaz Iruñean, eta abenduaren 6ra arte herriz herri ibiliko dira. Atzo,
Ondarroan egon ziren; gaur, berriz, Bermeon daude.
LAB sindikatuko ordezkariak eskuorriak banatzen Goiko Plazan
Ekimen honen bitartez, enpresetatik harago dauden langile motak aztertu gura dituztela esan du Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeetako LAB sindikatuaren idazkari nagusi Ion Basurkok, “etxeko langileak, bekadunak, etorkinak, autonomo faltsuak…”. Horiei guztiei tresnak eman gura dizkiete, prekarietateari aurre egiteko. “Orain arte sindikatua enpresa mundura mugatu izan da, eta beste langile mota batzuk ere badaude”, dio Basurkok.
Herri bakoitzean “prekario” diren lekuetan kokatzen dute ekimen ibiltarian erabiltzen ari diren furgoneta, esaterako, “andrazkoak gehiengoak diren sektoreetan edota borrokak sortu ahal diren eremuetan”. Hala, panel ezberdinak jartzen dituzte, kasu ezberdinak azalduz.
Bermeon, esaterako, goizean, Sanjuanportale inguruan kokatu dute furgoneta, udal zaharren egoitzaren ondoan. Ondoren, Goiko Plazara joanda, sektore publikoari buruzko eskuorriak banatzen ibili dira.
Udal zaharren egoitzekin “arazoa” dagoela esan du Ramon Garaizar Bermeoko LAB sindikatuko ordezkariak, horregatik kokatu dute ekimen ibiltaria Bermeoko udal zaharren egoitzaren ondoan. “Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena da bigarren eta hirugarren mailan dauden pertsonen zaintza. Zaharren egoitzetara bideratzen duten dirua, hala ere, berbera da egoitza pribatu zein publikoentzat. Eta ezin daitezke alderatu zaharren egoitza pribatu batek ematen dituen zerbitzuak, egoitza publiko batek ematen dituenekin. Lan baldintzak eta kalitatea oso ezberdinak dira”, dio Garaizarrek.
Aldundiak “egoiliar bakoitzeko prezio bat” ezartzen du, “langileen lan baldintzak kontuan hartu gabe, nahiz eta ondo dakiten zein den benetako kostua”. Modu horretan, “sektore pribatuaren neurri gabeko irabaziei” bide ematen ari direla uste dute, sektore horretako langileen egoera “gero eta prekarioago” bihurtzen ari dela nabarmenduta.
Aldundiari eskatzen diote, hortaz, ordain dezala “benetako prezioa, benetako lan baldintzekin”. Izan ere, langileen ratioa, dagoeneko, sektorean aldarrikatzen den gauzetako bat da. Bermeoko udal zaharren egoitzaren kasuan, esaterako, “janaria bertan prestatzen dute, bertoko produktuekin eta adinekoei egokituta eta garbiketako langileak ere zuzenean kontratatuta daude”.
Datu bat ere eman du LAB sindikatuak. Bizkaian 5.110 ohe daudela jakinarazi dute, horietatik, 917 bakarrik dira kudeaketa publikokoak (340 IFAS, 577 udaleteko zaharren egoitzak). Egoera “guztiz lotsagarria” dela diote, eta sektorea arautzea eskatzen dute.
Administrazioak “pribatizazioaren alde” egiten ari direla uste dute, “ez bakarrik zaharren egoitzetan, baizik eta osakidetzan ere”.
Arratsaldean, Lameran egongo dira,
17:30etik 19:00etara. Bertaratutakoek, gidak. hitzarmenak. material didaktikoa, musika, bideoak…izango dituzte aukeran.
Arrantza eta kontserba lantegien inguruko ekimenak izango dira arratsaldekoak.
“Arrantza desagertzen ari da Bermeon, gero eta itsasontzi gutxiago daude, eta hori ere arautu barik dago. Hala, lehen sektorea aldarrikatzen jarraitu beharra daukagu, ikusten dugulako gero eta gutxiago ekoizten dela Euskal Herrian. Eta, Euskal Herrian badago gaitasuna bertan lan egin eta bizitzeko, betiere, lan baldintza onekin”, azaldu du Garaizarrek.
Kontserberen sektoreari dagokionez, esan duenez, laster hasiko dira lan hitzarmena negoziatzen, eta LAB sindikatutik “laguntza eta babesa” adierazi gura die: “prekarietatearekin amaitu beharra dago sektore horretan, lan baldintza duinak behar dituzte bizimodu duin bat edukitzeko”.