Busturialdeko ikastetxe eta institutuetako jantoki eredua aldatzeko sortu da
Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien Ekimena. Ikasleek osasuntsu janda, eskualdeko lehen sektorea suspertzea eta eskualdearem jasangarritasuna bermatzea dituzte helburu. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserban egonik, ume eta gazteen elikadura bertoko inguruneagaz hobeto uztartzeko pauso garrantzitsuak eman ditzaketela uste dute.
Ekimenak batzen dituen hezkuntza zentroetako guraso, ume, irakasle eta langileak
elkartu dira eguerdian Gernika-Lumoko Merkatu Plazan. “Jangurie gara, eta jangurie dekogu, geurie jan gura dugu. Aurrera!”, adierazi duten ozen.
Proiektua aurkezteagaz batera, abenduaren 2an egingo duten jaialdira joateko gonbita luzatu dute.
Hezkuntza zentroetako errealitateak desberdinak izan arren,
helburu eta beharrizan antzekoak izanik, elkarlana oinarri hartuta, indarrak batzeko erabakia hartu dute eskualdeko 16 hezkuntza zentroek. “Ikastetxeen artean elkar laguntzeko borondatez jaio da ekimena. Gure eskualdeko eskola batzuk jantoki-eredu desberdinak garatzen dabiltza, eta esperientzia aberats horiek gaineraken esku jarriko ditugu”. Zelako jantoki eredua gura duten adosteko eztabaida prozesu sakon bat burutu dute.
Hala, tokiko ekonomia bultzatu eta bertoko elikagaietan oinarritutako “jantoki osasuntsu, jasangarri eta hezitzaileen” aldeko apustua eginez, jantokietako
langileen lan baldintzak “zaindu” eta ahal duten neurrian hobetzeko asmoa dute.
“Badakigu helburu hauek ez ditugula berehalakoan lortuko. 16 ikastetxe gara bakoitza bere errealitateagaz, eta bakoitzak erabakiko du adostutako helburuak lortzeko bere erritmoa. Honez gero asko lortu dugu; batetik Urdaibaiko eskola guztien arteko elkarlana, eta bestetik bertoko jantoki eredu jasangarri eta osasuntsua gizarteratzea. Gure helburuak lortuko ditugu”, zehaztu dute.

Eguerdian Gernika-Lumoko Merkatu Plazan aurkeztu dute ekimena.
Erakunde publikoentzat eskariak. Gaurko aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari eta eskualdeko instituzioei zuzendu zaizkie. Jangurie Urdaibako Eskola Jantokien Ekimenaren helburuak lortzeko haien “laguntza eta inplikazioa” ezinbestekoak direla azpimarratu dute. Izan ere, eurek zehaztutako helburuak lortzea “denen ardura” dela deritzote.
Urdaibaiko erakunde publikoei eskualdeko produktuen (ahal den heinean ekologikoak) ekoizpena handitzeko “apustu garbia” egitea eskatu dute. Beharrezko
azpiegiturak sortzeko “plangintza integral bat” lantzea eta
ustiapen berriak sortzea beharrezkoa ikusten dute: “Beti ere nekazariak era duin batean bizi ahal izatea bermatuz”. Hala, nekazari horiek elikagaiak eskoletara bideratzeko eta jantoki eredu hau bideragarri izateko azpiegitura eta bitarteko berriak sortu beharra nabarmendu dute.
Kultura Sailari ere mezu argia helarazi diote.
Jantokiei buruzko legedia aldatu eta sukalderik ez duten zentroetan sukaldeak egitea eskatu dute. Izan ere, azaldu dutenez gaur egun eskola publikoetan catering enpresa bategaz lan egitera behartzen die indarrean dagoen legeak. “Sukalderik ez duten eskolentzako sukalde instituzional lokalak behar ditugu, bai eta biltegi, bulego eta antzeko azpiegiturak ere, jantokiak bertoko produktuez hornitzeko. Guk eskola publikoei zelako jantoki eredua garatu gura duten erabakitzeko askatasuna ematea eskatzen dugu, beti ere jantokiekiko administrazioak daukan erantzukizuna mantenduz”.
JAIALDIA (ABENDUAK 2)
- 12:00. Umeen dantza erakustaldia eta bertoko produktuekin hamaiketakoa, Merkatu plazan.
- 13:45. Tukatukada batukada, Merkurion.
- 14:30. Bazkaria, Astran. (Txartelak eskoletako zuzendaritzetan eta Astran, azaroak 30era arte)
- 16:00-19:00. Txikigunea: barazki olinpiadak, jolasak, umeentzako sukaldaritza, margo eta zirku tailerrak. (Astrako 1.go solairuan)
- 17:00. Maren bakarlari gaztearen saioa, Astran.
- 17:30. Xaiborregaz gabon kantak eta disko berriaren banaketa.
- 18:30. Gazta egiten erakustaldia, Astran.
- 19:15. Bertoko produktuen show cookinga.
- 21:00-23:30. Doako kontzertuak: Nebbian, Tximino eta Espaloian.
HEZKUNTZA ZENTROAK:
- Allende Salazar Herri Ikastetxea (Gernika-Lumo)
- Mertzede Ikastetxea (Gernika-Lumo)
- Seber Altube Ikastola (Gernika-Lumo)
- San Fidel Ikastola (Gernika-Lumo)
- J.M. Uzelai Herri Ikastetxea (Busturia)

- Haizeder Eskola (Ea)
- Montorre Eskola (Gautegiz Arteaga)
- Mundakako Eskola (Mundaka)
- Urretxindorra Ikastetxea (Muxika)
- Barrutia Herri Ikastetxea (Arratzu)
- Eleizalde Ikastola (Bermeo)
- Sagrado Corazon Ikastetxea (Bermeo)
- San Frantzizko Herri Ikastetxea (Bermeo)
- Barrutialde Institutua (Arratzu)
- Gernika BHI (Gernika-Lumo)
- I. Arozena – Barrueta Tar Benito BHI (Bermeo)
HELBURU NAGUSIAK:
- Umeek osasuntsu jatea. Umeek bertoko elikagaiak, sasoian sasoikoak eta kalitatezkoak jatea.
- Eskualdeko lehen sektorearen suspertzea. Bertoko ekonomiaren aldeko apustua. Lehen sektorea bidelagun duten heinean, baserritarren bizi baldintzak duinak izatea bilatzen dute.
- Eskualdearen jasangarritasuna. Modu naturalean hasitako elikagaiak gura dituzte jantokietan. Ahalik eta produktu ekologiko gehien izateko helburuagaz.