Jolasgune estaliaren beharrizanak aztertuko dituzte herritarrekin
Parte hartze tailerra antolatu dute datorren eguaztenerako, eta familian egiteko tailerra izango da; hau da, umeek eta gurasoek parte hartu ahal izango duteJolasgune estalia egiteko lekua aukeratuta dauka Bermeoko Udalak, eta aukera ezberdinak aztertu ...
Parte hartze tailerra antolatu dute datorren eguaztenerako, eta familian egiteko tailerra izango da; hau da, umeek eta gurasoek parte hartu ahal izango dute
Jolasgune estalia egiteko lekua aukeratuta dauka Bermeoko Udalak, eta aukera ezberdinak aztertu ostean, jolasgune berri bat izango dela jakinarazi dute. Oraindik, baina, ez dute kokapenaren berri eman gura izan, datorren eguazteneko parte hartze tailerrean azalduko baitute aukeratu duten lekua eta zergatik aukeratu duten. Jolasgune estalia egiteko proiektuaren beharrizanak, hala ere, herritarrekin batera aztertu gura dituzte.Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan boto gehien izan zuen proposamena izan zen umeentzako jolasgune estaliarena, eta udalak aurrera darrai proiektuagaz.
Gunea erabakita badaukate ere, eguraldi txarragatik babesteaz gain, proiektuak asetu behar dituen beharrizanak jakin gura dituzte, horregatik antolatu dute parte hartze tailerra. Datorren eguaztenean egingo dute, 18:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean. Tailerra, gainera, familian egiteko jarduera ireki modura planteatu dute, hau da, gurasoek eta 6 urtetik gorako umeek parte hartu ahal izango dute. Hala ere, gura duten herritar guztiek parte hartzeko aukera edukiko dute.
Tailerraren hasieran, adinen arabera banatuta, taldeka lan egingo dute. Amaieran, berriz, tailerraren ondorioak zehazteko, umeek eta nagusiek batera egingo dute lan, jolasgune estalirako beharrak azalduz. Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek azaldu duenez, umeekin parte hartze tailerra egingo duten lehenengo aldia izango da, eta «polita» izan daitekeela uste du.
Aurreproiektua aurkeztu
Udal arkitekto Goio Allikak esan du, jolasgune estaliaren aurreproiektua ezagutzeko aukera edukiko dutela bertaratutakoek, han aurkeztuko baitute.
Tailerrean honakoak landuko dituzte, besteak beste: zelako jolasak ezarri nahi diren, horien funtzioak, ze adinetako umeei egongo diren zuzenduta, estalkia nolakoa izango den, umeek gustuko dituzten elementuak eta jagoleen beharrizanak.
Herritarrek iritziak eman ahalko dituzte, zalantzak argitu eta ekarpenak egin. «Horiek guztiak kontuan hartuko dira», esan du Allikak.
Tailerraren ondorioak aztertu ostean, behin-behineko aurreproiektua landuko dute, eta erakusketa publikoa egingo dute. Abendurako erakustea aurreikusten dute. Jolasgune estalia datorren urteko lehen hiruhilekoan egitea aurreikusten dute.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte datorren eguazteneko tailerrean parte hartzera, «herritarren beharrizanei erantzunik egokiena emango dion egitasmoa adosteko».
Akordio baten emaitza
Parte hartze prozesua Guzan eta udal gobernuak elkarlanean garatu dute; bien arteko akordio baten emaitza da.
Guzaneko ordezkari Xabier Ortuzarrentzat «garrantzitsuena» da herritarrek eurek aukeratu dutela aurrekontuen zati bat non gastatu, «erabaki ahal izan dute». Parte hartze prozesua «hobetu» badaiteke ere, «abiapuntua» izan dela deritzo.
Herritarrek 103 proposamen egin zituzten, eta gerora, 1.000 herritar inguruk parte hartu zuten bozketan. Fase horretan ere parte hartzea eskatu dute.