Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkarteak urteroko biltzarra egingo du barikuan. Urteurren borobilagaz dator aurten;
30. kongresua egingo baitute. Eta horretarako bilgune Gernika-Lumo aukeratu dute. Interesa daukaten herritarrekin batera, mediku, erizain, gaixo eta horien senideak batuko ditu aipatu kongresuak.
Biltzarra Lizeo Antzokian eta Elai Alai aretoan egingo dute; erizainak batuko dira lehenengoan eta medikuak, aldiz, bigarrenean. 09:00etan elkartuko dira guztiak dokumentazioa jasotzeko, eta 09:15etik 09:30era egingo dute biltzarraren inaugurazioa. Ostean, nork bere egitarau propioa jarraituko du. Hala,
goizean hasi eta iluntzera bitartean, jarduera ugari izango dituzte aukeran kongresuan parte hartzen dutenek.
Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartea (ENAPE) irabazi asmotik gabeko elkarte zientifiko bat da eta Euskadi eta Nafarroan lan egiten duten Pneumologia, Kirurgia Toraziko eta Erizaintza arloko hainbat profesionalek osatzen dute. Besteak beste,
arnas patologiari lotutako ezagutza zientifikoaren aurrerapena sustatzea eta elkarteko kide guztien prestakuntza eta garapen profesionalari ekarpen egitea ditu helburutzat.
Hori horrela, honako gaiak izango dira barikuko biltzarrean landuko dituztenak: batetik,
ingurugiroaren kutsaduraren arazoaz ariko dira; bestetik,
medikuntzan giza faktoreek duten garrantziaz jardungo dira, eta, azkenik,
osasun-sistema publikoaren jasangarritasuna eta osasun kostuak izango dituzte hizpide.
Egunean, bertan, gainera,
karpa bat jarriko dute, edozein herritarrek gai horri buruzko infomazioa jaso dezan. Hain justu, Foru plazan jarriko dute karpa 10:00etatik 14:00etara. Hala, etxez etxe egiten dituzten arnasketari lotutako terapiari buruzko informazioa jaso ahalko dute bertaratzen direnek, eta, horrez gain, arnasketa patologikoaren diagnosiaren probak egingo dituzte. Halaber, ingurugiroaren kontserbatzeari eta airearen kutsadurari buruzko informazioa ere emango dute.
Gaur eguerdian egin dute barikuko kongresuari buruzko prentsaurrekoa Gernika-Lumoko udaletxean, eta bertan izan dira Galdakaoko ospitaleko pneumologo eta kongresuko koordinadore Mikel Oribe eta Myriam Aburto eta Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroño. Hala, pneumologoek azaldu dutenez, barikuko kongresuaz aparte, badabiltza airearen kutsaduraren eta ingurugiroa kontserbatzearen garrantziaz herritarrak sentsibilizatzen. Izan ere,
azken asteotan, Gernika-Lumoko eskoletan berbaldiak ematen ari dira, 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta.
Oribek aipatu duenez,
140 bat lagun batzea aurreikusten dute barikuan.