Egoera zaurgarrian dauden pertsonak garraiatzeko furgoneta erosi dute
Pertsona nagusien eta aniztasun funtzionala duten pertsonen joan-etorriak erraztuko ditu garraio berriak. Pertsona nagusiei euren ohiko ingurunean jarraitzeko aukera eman nahi dieteEgoera zaurgarrian dauden pertsonentzako egokitutako furgoneta erosi du...
Pertsona nagusien eta aniztasun funtzionala duten pertsonen joan-etorriak erraztuko ditu garraio berriak. Pertsona nagusiei euren ohiko ingurunean jarraitzeko aukera eman nahi diete
Egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako egokitutako furgoneta erosi dute Busturialderako. Egokitutako garraio ibilgailuak pertsona nagusien eta aniztasun funtzionala duten pertsonen joan-etorriak erraztuko dituela azaldu dute.Maier enpresak 20.000 eurogaz, Gernika-Lumoko Udalak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak finantzatu dute Gurutze Gorriaren gertutasuneko proiektua, eta horren barruan erosi dute garraioa. Udala eta mankomunitatea arduratuko dira zerbitzuaren mantentze lanetaz.
Proiektuak pertsona nagusiak beraien ohiko ingurunean jarraitzea bermatzea du helburu, besteak beste. Halaber, «gizarte egitura indartu nahi du, autonomia pertsonala sustatu eta isolamendua eta bakardadea saihestu». Hala ere, pertsona nagusientzako ez ezik, aniztasun funtzionala duten pertsonentzako ere baliagarria izango da aipatu furgoneta; Gernika-Lumoko zein eskualdeko gainontzeko herrietako biztanleentzat.
Pertsonen beharrizanei erantzun «azkarra eta gertukoa» eman nahi diete, «esku-hartzea azkartuz eta horretarako beharrezkoak diren giza eta material baliabideak mobilizatuz».
Bakardadea saihestuz
«Paseatzen irtetzea, sendagilearengana joatea edo kudeaketa puntualak boluntario batek lagunduta egitea bezain ekintza xumeen bitartez, pertsona nagusiei, euren ohiko ingurunean jarraitzeko aukera emateaz gain, euren bizitzan autonomia eta independentzia ematen zaie, isolamendua eta bakardadea saihesten da, eta zuzenean beraiei dagozkien gaietan erabakiak hartzeko orduan partaide bilakatzen dira», azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak, bere aldetik, azaldu du gai horren lankidetzan eta laguntzen jarraituko dutela, bai Gurutze Gorriarentzako instalazioak utzita eta baita alde ekonomikoari dagokionez ere.
Iñaki Irusta Gurutze Gorriko Euskadiko Batzorde Autonomikoaren presidenteak eskerrak eman dizkie proiektuaren bultzatzaileei, eta adierazi du «egoerak jarraitu behar duen bidea egiten badu, gizartearen eskaerari erantzuteko gai» izango direla. «Tristea bada ere, egoera honek ez du amaierarik izango, beti egongo baitira beharrizanak eta horiei erantzuteko gai izan beharko gara», nabarmendu du.