Aurten ere Mungiara joan da Bermeoko Udalaren Odoloste Txapelketaren lehenengo saria. Andeko Tabernak Bermeoko Udalaren laguntzagaz txapelketa antolatzen duen 16. aldia izan da. Epaimahaiaren arabera,
Mungiko Morga harategiak egiten duen buzkentza izan da
gozoena.
Bigarren aldiz jarraian jaso dute Bermeon lehenengo saria.
Morga harategikoak
Loiuko harategiarentzat izan da gaurko
bigarren saria, eta
hirugarrena, berriz,
Bermeoko Anaiak harategiak jaso du. Bi horiek, hala ere, ez dira sari banaketan egon.
25 harategik parte hartu dute gaur goizean egin duten odoloste txapelketan. Bermeo, Mungia, Gernika-Lumo, Zornotza eta Loiuko buzkentzak izan dira lehian.
Urtero legez, gaur Lameran egon den azokaren baitako
erakusmahaien arteko politena ere aukeratu eta saritu dute. Aurten ere,
Bermeoko Barturen harategiak jarritakoak jaso du izendapena.
San Martin eguna atzo izan bazen ere, gaur ospatu dute Bermeon; Baserri giroko azoka hartu du Lamerak. Tarteka euria egin duen arren, eguerdi aldera, jendez bete da Lamera. Txerrikia eskuratzeko aukera eman duten zortzi harategiez gain, San Martin azokara bertaratu direnek beste hainbat gauza eduki dituzte aukeran: Ogia, euskal pastela, gazta, txakolina, eztia, patea… Bestalde, taloa eta txorizoa dastatzeko aukera ere egon da.
Pintxo solidarioak egon dira aukera gaur, San Martin azokan
Gaurkoan, bestalde, Eutsi Gogor, Danok Batera proiektuarekin bat eginda, pintxo solidarioak jarri dituzte salgai azokan bertan.