Datorren
zapatuan, hilaren 18an, iritsiko da Bermeora Googaz ekimena.
Gazte ekintzaileen talde batek sortutako mugimendua da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dauka. Bermeon, Bermeoko Udalaren eta Etxebastar enpresaren laguntza ere badauka.
Antolatzaileak eta laguntzaileak gaurko aurkezpenean
Googaz
gazteek gazteentzako sortutako ekimena da. Gaur goizean Bermeon egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Bizkaian
gazteei proiektu berriak sortzen laguntzea dute helburu nagusi. Hala,
Bizkaiko zazpi herritan martxan jarriko dute Googaz: Bermeo, Gernika-Lumo, Ermua, Sopelana, Bilbo eta Barakaldo.
Herri horietan guztietan herrietako arazoei irtenbideak bilatzeko
ideia lehiaketak antolatuko dituzte, Googaz Boloak izenekoak. Ondoren, herri guztietako irabazleek Bizkaiko kopa txapelketan parte hartuko dute. Googaz ekimena Bermeon hasiko da. Azaroaren 18an,
Kabidxen batuko dira gazteak, 10:00etan.
Lehenik eta behin, Googaz ekimenari buruzko azalpenak emango dizkiete bertaratutakoei. Ondoren, herriko arazoak izango dituzte hizpide, eta horretarako talde txikietan banatuta egingo dute lan.
12:30ean,
brainstorming-a egingo dute, hau da, dinamika eta erreminta ezberdinen bidez sormena landu eta ideiak sortuko dituzte parte hartzaileek. Googaz ekimenaren ordezkari Irati Arrienek esan duenez,
“ideia berriztagarriak eta zoroak” gura dituzte. Behin arazoa definituta eta ideiak mahai gainean izanik, irtenbidek bilatu beharko dituzte parte hartzaileek, “martxan jartzeko prest egon dadin”.
Mokadu bat hartu ondoren, 15:00etan, taldeek aurrera ateratzeko plana egin beharko dute eta bideragarria den aztertuko dute. Amaieran, epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dituzte proiektuak. Epaimahaia Googaz ekimeneko, Bermeoko Udaleko eta Etxebastar enpresako ordezkariek eta Bermeoko gazte ekintzaile batek osatuko dute.
Arazoari irtenbiderik egokiena bilatzen dion taldeak, hau da,
ideiarik onena aurkezten dutenek, 1.000 euroko saria jasoko dute, Bermeon
ideia hori abian jartzeko. Era berean, ideia martxan jartzeko aholkularitza ere jasoko dutela adierazi dute. Taldeko irabazle guztiek, gainera, Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak jasoko dituzte saritzat.
Banaka edo taldeka. Lehiaketan banaka edo taldeka parte hartzeko aukera dagoela nabarmendu dute. Izena eman gura dutenek
boloak.googaz.biz-en egin beharko dute. Izena ematerakoan, banaka edo taldeka parte hartuko duten zehaztu beharko dute parte hartzaileek. Dagoeneko 12 lagunek eman dute izena, baina 25 gazte batzea gurako luketela azaldu dute.
“Gazte ezkonformistak” deitzen dituzte parte hartzera, “gazteentzako lekua ere badagoelako herrian”.
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek ere parte hartu du gaurko aurkezpenean. Udalak ekimen hau antolatzen laguntzen duela esan du Googaz ekimenaren filosofiarekin bat egiten dutelako, eta ekimen horren bidez hainbat helburu lortzen direla uste dutelako; besteak beste, pentsaera ekintzailea zabaltzea, gazteen gaitasunak eta sormena indartzea, eta era fresko eta originalean errealitatea hobetzen laguntzea. Horrez gain, bere ustez, “ekintzaile, enpresa eta administrazioaren arteko elkarlanaren eredu” da Googaz ekimena.