Egokitutako garraio ibilgailuak pertsona nagusien eta aniztasun funtzionala duten pertsonen joan-etorriak erraztuko dituela azaldu dute gaur eguerdian egindako aurkezpenean. Bertan izan dira, beste hainbaten artean, Jose Mari Elordui Gernika-Lumoko Gurutze Gorriko presidentea, Julen Madariaga Maiera enpresako lehendakaria, Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea, Ana Hormaetxe Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko presidentea eta Iñaki Irusta Gurutze Gorriaren Euskadiko Batzorde Autonomikoaren presidentea.
Maier enpresak, Gernika-Lumoko Udalak eta Busturialdeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak finantzatu dute Gernikako Gurutze Gorriaren gertutasuneko proiektua, eta horren baitan erosi dute, hain zuzen, egokitutako garraio ibilgailua. Udala eta mankomunitatea izango dira, aldiz, zerbitzuaren mantentze lanez arduratuko direnak.
Gertutasuneko proiektuak pertsona nagusiak beraien ohiko ingurunean jarraitzea bermatzea du helburutzat, besteak beste. Halaber, “gizarte egitura indartu nahi du, autonomia pertsonala sustatu eta isolamendua eta bakardadea saihestu”. Hala ere, pertsona nagusientzako ez ezik, aniztasun funtzioanala duten gainontzeko pertsonentzako baliagarria ere izango da aipatu furgoneta; Gernika-Lumoko zein eskualdeko gainontzeko biztanleentzat.
Pertsonen beharrizanei erantzun “azkarra eta gertukoa” eman nahi diete, “esku-hartzea azkartuz eta horretarako beharrezkoak diren giza eta material baliabideak mobilizatuz”.
“Paseatzen irtetzea, sendagilearengana joatea edo kudeaketa puntualak boluntario batek lagunduta egitea bezain ekintza xumeen bitartez, pertsona nagusiei, euren ohiko ingurunean jarraitzeko aukera emateaz gain, euren bizitzan autonomia eta independentzia ematen zaie, isolamendua eta bakardadea saihesten da, eta zuzenean beraiei dagozkien gaietan erabakiak hartzeko orduan partaide bilakatzen dira”, azaldu dute proiektuaren sustatzaileek.