Dantza jaialdi solidarioa antolatu dute Bermeon, gaixotasun arraroen alde
Bilbo Salsa elkarteak antolatu du biharko egun osoko dantza jaialdi solidarioa. Umeentzako, berriz, tailerrak egongo dira lehengo arrantzaleen kofradian
Eskualdean gaixotasun arraroak dauzkaten umeen famili guztiengana iritsi nahiko genuke»Maiatzen hasita. Bermeoko Kate Sarea elkarteak eta gaixotasun arraroak dauzkaten umeen familiek bultzatutako proiektua da Eutsi Gogor, Danok Batera. Maiatzean hasi ziren martxan, orduan, bost kasu zeuden Bermeon: Rett sindromearen bi kasu, Duchenne-ren distrofia muskularraren bat, Langerhans zelulen Histiocitosis-a, eta oraindik diagnostikoaren zain dagoen Traps sindromearen kasu bat. Baina, zoritxarrez, gehiago egon zitekeenaren susmoa zeukaten; ez bakarrik Bermeon, baizik eta baita Busturialdean ere, Kate Sareako presidente Mirenlur Santiagok esan bezala. Susmoa egi bihurtu eta Bermeon zazpi dira kasuak. Hain zuzen, hemofilia kasu bat eta Tximeleta azalaren (epidermolisis anpoilatsu distrofikoa) beste kasu bat identifikatu dituzte. Mundakan, berriz, Marfan sindromearen kasu bat dagoela esan dute. Hala, Mundakako herria ere proiektuan laguntzen ari da, eta elkarlanean ari direla esan du Santiagok. «Eskualdean gaixotasun arraroak dauzkaten umeen famili guztiengana iritsi nahiko genuke, eta lanean ari gara hori lortu aldera», dio Santiagok.
Proiektuaren bultzatzaileak beste bi ekintza solidario prestatzen ari dira abendurako.Proiektuaren helburuak bi dira. Batetik, gaixotasunak eman gura dituzte ezagutzera; hau da, «horiek gizarteratu eta egunerokotasunean umeentzako eta euren familientzako suposatzen duena azaldu». Bestetik, ikerketarako dirua batzea dute helburu, bai eta familien ekonomia arintzea ere. Izan ere, tratamendu eta terapien kostua altua da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren baitan zein kanpoan dauden beste zenbait ospitaletara bidaiatu behar izaten dute, sarri. Proiektuaren bultzatzaileak beste bi ekintza solidario prestatzen ari dira abendurako. 23an, musika izango da protagonista Gabonetako jaialdi solidarioan, eta 31n, berriz, San Silbestre lasterketa egingo dute. Horien berri, hala ere, aurrerago emango dute. Santiagorentzat «ohore bat» da aipatu proiektu soziala koordinatzea, «familiekin eta bere denbora eta ilusioa ematen duten boluntarioekin elkarlanean». «Gaixotasun arraroak dauzkaten familiek beren indarra eta adorea helarazi didate. Familiak orain arte bakarrean ibili dira lanean, eta esan dutenez, proiektu honen bitartez orain ez dira bakarrik sentitzen. Aukera dute emozioak eta informazioa elkarbanatzeko. Horregatik guztiagatik pena merezi du gizarte proiektu honetan lanean jarraitzea», dio Santiagok. Era berean, herritarren babesa nabaritzen dute familiek, eta oso eskertuta daude. «Eurak jakin barik, nire familia ere badira, eta euren baimenagaz, ume horien amabitxia bihurtu naiz», aitortu du. BIHARKO ORDUTEGIAK Goizez Artza frontoian eskainiko diren ikastaroak. Egun guztiko sarrera: 5 euro. 10:15. Line dance: I.G. Dantzak. 10:30. Zumba: Orain Bai Fitness Kluba. 10:45. Euskal Dantzak: Alkartasuna Dantza Taldea. 11:00. Zumba: Zumba Dans. 11:15. Aniztasunaren flashmobaren probasaioa: Bis Txokobide. 11:35. Salsa en linea: Aitor eta Agurtzane. 11:50. Kubatar erritmo ezberdinak: Yohan eta Maya. 12:05. Bachata: Fernando Garcia. 12:20. Bachata, pauso libreak: Ainize Martinez. 12:45. Kizomba: TropiGeorge. 13:00. Kubatar saltsa: Jose Luis Nieto. 13:15. Afro House: Felix Bandeira. 13:30. Runba: Michel Cuba. 13:45. Parte hartu gura duten irakasle guztiekin goiza zarratzeko ekitaldia. Arratsaldez 17:15. Pachanga: Jonathan A tu ritmo. 17:30. Zouk: Eder Ojeda. 17:45. Sevillanak: Txo Sevilla Dantza Taldea. 18:00. Kubatar saltsa: Juan Carlos Cano. 18:15. Swing: Dame Swing. 18:30. Kubatar saltsa: Jorge eta Bea. 18:45. Bachata: Hector Lopez. 19:00. Kizomba: Aitor Ribera. 19:25. Swing: Dame Swing Vitoria. 19:40. Bachata: Dantzatu Gurekin. 19:55. Kizomba: Jabier Urrutia. 20:10. Bachata sensual: Enrike eta Naia. 20:30. Kubatar saltsa: Salsacubana akademia. 20:45. Parte hartu gura duten irakasle guztiekin arratsaldea zarratzeko ekitaldia. Gauez Bermeoko Kafe Antzokian. Sarrera: 5 euro. 00:00. Habana 537 taldearen kontzertua. Umeentzako Kofradia Zaharrean. Sarrera: 1 euro. 10:30-14:00/17:00-20:00. Tailerrak MB 2000 elkarteak eta Bermeoko Gurutze Gorriak eskainita.