Azaroko lehen domekako azoka egin dute Ibarrangelun
Hileko lehenengo domekan egingo dute azoka
Udalerriko baserritar eta ekoizleek euren produktuak salgai jartzen dituzte udaletxeko aterpean. Herritarrek 10:00etatik 13:00ak arte dute bertoko produktuak eskuratzeko aukera.
Hain zuzen, aspaldiko ohitura berreskuratuz, uztailaren 30ean egin zuten lehenengoz, eta abuztuan eta irailean domekaro egon dira ekoizle eta baserritarrak Eleizalde auzoko Plaza Barrin (udaletxe aurreko plaza).
Hala, herriko ekoizle, baserritar eta artisauak azokan parte hartzera animatzen dituzte, eta haiekin harremanetan jartzeko udalera jotzeko eskatu dute.
Herriko merkatua berreskuratu, elikagai osasuntsuak kontsumitzeko eskubidea bermatu, herritarren arteko harremanak bultzatu eta sendotu, eta tokiko ekonomia sustatzeko asmoz elkartu ziren udan zenbait ekoizle eta baserritar, eta orain ere helburu berdinei eusten diete.
Azaldu dutenez, Ibarrangeluko Udalak bi urteri behin antolatzen du nekazal eta artisautza azoka, baina baserritarren azokarik ez da egon orain arte herrian.
Antzina herriko baserritarrek Elantxobera eroaten zituzten haien produktu freskoak (esnea, frutak, patatak, ortuariak etab), eta Talaiako bankuetan jartzen ziren horiek saltzen. Durukiz, Arboliz, Merru, Apraiz eta beste zenbait auzoetako bizilagunak hurbiltzen ziren Elantxobera, eta batik bat arrantzarako itsasontziak hornitzeko saltzen zizkieten produktuak, eta saltzen ez zutena, herrirako bidean etxerik etxe saltzen zuten. “70eko hamarkadan fruta saltzailea etortzen hasi zen, eta ohitura hura galtzen joan zen hurrengo urteetan”.