Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak bultzatutako programa da Zainduz, eta etxeko
pertsona nagusiak zaintzeko ardura duten herritarren bizi kalitatea hobetzeko helburua du. Hala, zaintzaile horiei arreta eta laguntza ematea izaten du xede, horretarako, norbere buruaren zaintzak duen garrantziaz jabetu eta zaintza lana errazteko teknikak emanez.
Horrez gain, informazioa, aholkularitza eta laguntza psikologikoa eskaintzen duen programa ere bada Zainduz.
2013. urtean jarri zuten martxan aipatu programa, eta geroztik, hainbat izan dira eskaini dituen tresnetaz baliatu diren herritarrak.
Aurreko ekitaldian jasotako erantzuna, esaterako, “oso ona” izan dela azaldu du Nerea Llantada Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko teknikariak gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan. Zehaztu duenez, 75 pertsona izan ziren aurreko ekitaldiko hitzaldietan parte hartu zuten pertsonak, eta 39 izan ziren, aldiz, etxez etxe emandako prestakuntza saioetan partehartutakoak.
Zaintzaileentzako laguntza taldea ere jartzen du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak herritarren eskura, “baina ez da beti taldea osatzen”. Izan ere, taldea eratzeko, gutxienez, hamar bat lagunen konpromisoa bilatzen du mankomunitateak, eta, batzuetan, ez dira gutxieneko horretara ailegatzen. Iaz, esaterako, posible izan zuten taldea eratzea, eta parte hartutakoentzako “esperientzia aberasgarria” izan zela aipatu du Llantadak. “Zaila izaten da batzuetan taldea osatzea, baina lortu dugunetan, jendea oso gustura egon da”. Hala, aurten ere, laguntza taldea osatzeko asmoa erakutsi du mankomunitateak, eta jakinarazi du,
taldea ez eratzekotan ere, banakako laguntza eskaintzen dutela.
Bost hitzaldi. Ekitaldi berrian, hain zuzen, bost izango dira emango dituzten hitzaldiak; lau Gernika-Lumon, eta bestea Nabarnizen.
Datorren martitzenean, azaraoaren 7an, emango dute lehena Gernika-Lumoko Kultur Etxean, eta zaintzarako oinarrizko teknikak eta mobilizazioak landuko dituzte.
Hurrengoa Nabarnizen egingo dute hiru egun beranduago. Lege aholkularitza: ezgaitasuna, testamentuak, seniparteak izenburupean eskainiko dute berbaldia 19:00etan hasita, Gizarte lokalean.
Hurrengo hiru hitzaldiak azaroko gainontzeko martitzenetan emango dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxean. Dementziak eragindako portaera aldaketen aurrean nola jokatu behar den azalduko dute azaroaren 14ko saioan, eta mendekotasuna duen familiartekoen zaintzari buruzkoa izango da azaroaren 21ekoa. Azken horretan, norbere burua zaindu eta besteak zaintzeko estrategiak azalduko dituzte. Bosgarren eta azken hitzaldian, berriz, mendekotasuna duten familiartekoen zaintzan izaten diren sentimendu eta emozioez jardungo dira. Gernikako hitzaldi danak 18:00etan hasiko dituzte.
Hitzaldi horietan alde teorikoa landuko dute, baina
barneratutakoa praktikan nola jarri ikasteko aukera ere emango dute hileon, tailerren bitartez. Azaroaren 9an egingo dute lehenengoa eta mendekotasuna duten pertsonen mobilizazioari buruzkoa izango da. Azaroaren 16an egingo dute, berriz, bigarrena:
Estimulazio kognitiboa lantzeko ariketak. Eguenetan egingo dituzte tailerrak eta martitzeneko hitzaldiekin lotura izango dutela azaldu du Llantadak; horregatik, bietara joatea “komenigarria” litzatekela adierazi du. Dena den, herritarrek libre izango dute zein hitzaldi eta tailerretara joan erabakitzea.
Hitzaldietan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa ez bada ere,
tailerretarako aurretiaz izena ematea eskatu du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak. Horretarako, 94-625 51 22 telefonora deitu edo
mank.ssbusturialdea@bizkaia.org helbidera mezua bidali behar da.
Webgunea martxan. Aurten, gainera, berrikuntza batekin dator Zainduz programa; izan ere, webgunea (
www.busturialdeazainduz.eus) jarri dute martxan, zaintzaileek programari buruzko informazio eguneratua jaso eta zaintzarako lagungarria izan daitekeen dokumentazioa eta informazioa eskura izan dezaten. Zainduzek eskaintzen dituen zerbitzuak (hitzaldi eta tailerrak, zaintzaileentzako arreta eta etxez etxeko prestakuntza, sostengu teknikoak maileguan hartzea eta segurtasun eta laguntza programa, kasuan kasu), eta orotariko dokumentuak (buruko gaixotasunerako ariketak; zaintzaileentzako gida praktikoa eta beraien eskubideei eta emozioei buruzko informazioa; mendekotasunari lotutako dokumentuak…) aurki daitezke, beste hainbaten artean webgune horretan. Halaber, programak antolatutako ekitaldien berri ere izan dezake herritarrak webgunearen bitartez.