Egun osoko jaia dakar Katu Baltzak
Musika, dantza eta ikuskizunez osatu dute egun osoko egitaraua. Urtero modura, eguerdian banatuko dute Erakusleiho Onenaren Saria. Gauera arte luzatuko da festaLekeitiarrak mozorroak jantzi eta kalera aterako dira etzi, dagoeneko urteroko ezinbesteko o...
Musika, dantza eta ikuskizunez osatu dute egun osoko egitaraua. Urtero modura, eguerdian banatuko dute Erakusleiho Onenaren Saria. Gauera arte luzatuko da festa
Lekeitiarrak mozorroak jantzi eta kalera aterako dira etzi, dagoeneko urteroko ezinbesteko ospakizun bihurtu den Katu Baltz jaiaz gozatzeko. Gauera arte luzatuko da aurten euskal mitologiari lotutako jaia, gainera. Lehen hitzordua, betiko legez, Eskolapeko Limoneroetan izango dute.11:30ean bolanderak bota eta pregoia irakurriko dute, eta iaz legez, umeentzako aurpegi margoketa tailerra egongo da Panpox kultur elkarteagaz.
Eguerdi partean egingo da kalejira erakusleiho onena saritzeko. Lekitto Musika Banda eta Garraitz Kirol Taldeko ipotxek lagunduta egingo dute saria jasoko duen dendarainoko ibilbidea herritarrek, eta aurten ere, Maria Talako Eskulan Tailerrekoen eskutik jasoko du saria irabazleak. Ez da sari bakarra izango, Katu Baltz Elkartekoek aurreratu dutenez, Kitto merkatari elkarteak ere banatuko du beste bat.
Goiza eta eguerdia alaitzeko musikarik ez da faltako. Itxaropena Txistulariak, trikitilariak eta Dunbots joaldunak ibiliko dira kalerik kale. Beste alde batetik, estreinako, Lekeitioko Elikagaien Bankuaren bigarren eskuko gauzen azoka ere egongo da, 11:30etik 14:00etara bitartean.
Euro baten truke, era askoko gauzak erosteko aukera egongo da, behar duenari laguntzeko. Liburuak, jostailuak eta ipuinak izango dituztela batez ere jakinarazi du Marisol Iturraspe Lekeitioko Elikagaien Bankuaren arduradunak. Denda Eskolapean jartzea dute asmoa, baina euria eginez gero, ikastolaren tabernan egongo direla azaldu du.
Ikusgarrik hartuko du aurten ere umeei zuzendutako arratsaldeko antzezlana. Patata Tropikala Antzerki Laborategiak umorea, irudimena, txotxongiloak eta maskarak dantzan jarriko ditu Azken Eguzkilorea antzezpenagaz. 17:00etan hasiko da abentura.
Su ikuskizuna
Zinematik plazarako bidea kalejiran egingo dute ondoren, Aittitta Makurra Txarangagaz batera, Kontzijopean txokolatea jan eta Etorkizuna Dantza Taldearen emanaldia ikusteko.
Sua, musika eta txinparten azpian dantza eta saltoka ibiltzeko aukera ere ez da faltako Katu Baltz Egunean. Lekittoko Deabruak antzerki taldeak Akelarre Foc ikuskizuna eskainiko du plazan, iluntzean.
Gauean, berriz, musika eta jaia tabernarik taberna zabalduko dira. Izan ere, herriko tabernek ere bat egingo dute jaiagaz aurten.