2018an Ondasun Higiezinen Gaineko Zergak (OHGZ) igoerarik ez edukitzea onartu du Bermeoko Udalak. Era berean, datorren urtera begira, etxebizitza hutsei jarritako %50eko gainordainetik libre geratuko direnak gehiago izango dira, udalbatzak hala onartuta. Neurri horiek EH Bilduren eta Guzanen zinegotzi baten botoekin onartu dituzte. Guzanen bigarren zinegotziak, berriz, abstentzioa eman du, bai eta Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) ere. Izartu Bermeok, berriz, aurka bozkatu du.
Joan den asteko osoko bilkura
EH Bildu, Guzan eta Izartu Bermeoren aldeko botoekin, etxebizitza hutsek OHGZn %50eko gainordaina edukitzea onartu zuten joan den urtean. Gainordain horren helburua «etxebizitza hutsak merkatuan sartzea» zen, «alokairua sustatuta». Hala, Alde Zaharreko etxebizitza hutsak gazteek alokatu ahal izateko diru laguntza programa bat abiarazi da aurten.
«Aurten lehenengo aldiz ezarri zaie %50eko gainordaina etxebizitza hutsei, eta egoera oso ezberdinak ikusi izan ditugu», esan du ekonomia zinegotzi Irune Ormaetxeak. Horregatik, azterketa sakon bat egin dutela esan du, eta, ondorioz, aipatu gainkargatik libre geratuko direnak gehiago izango dira, «kasuz-kasu aztertu ondoren».
Bestalde, kasu bakar batean, %50eko gainkarga ezarri ordez, %25 ezartzea adostu dute. Hain zuzen, etxebizitzan erroldatuta egon barik ere, titularrak edo familiak erabiltzen duenen kasuan. Hala ere, udalak eskatzen eskatzen duen ur eta argindar horniduren gutxiengo kontsumoa aurkeztea beharrezkoa izango dute.
Helburua «lausotuta». EAJk argi utzi zuen iaz ez daudela gainordaina ezartzearen alde, «herrian dagoen alokairuen eskaintza eta eskaria zein den aztertu beharko litzatekeela» esaten zuten, eta neurri horren helburu bakarra herritarren kontura diru gehiago jasotzea zela zioten.
«Etxebizitza hutsei jarritako gainordainagaz, gutxi gorabehera, 230.000 euro gehiago jaso ditu udalak aurten. Guzanegaz adostutako gazteen emantzipazio programara bideratutakoa 70.000 euro izan dira. Beste 130.000 euroak ez dira gazteen emantzipazio programara bideratu, ez eta Izartu Bermeorekin adostutako helburu sozialetara ere», esan zuen EAJren bozeramaile Aritz Abaroak. «Helburua, hortaz, zati batean baino ez dela bete», nabarmendu zuen.
Gainordainaren helburu nagusia alokairuak sustatzea zen. Hala eta guztiz ere, jeltzaleen ustez, udan edota asteburuetan erabiltzen diren etxebizitzen jabeek ez dituzte horiek «inoiz ere ez» alokairuan jarriko. «Izan ere, etxebizitzak ez daude hutsik; erabili egiten dira», zehaztu dute. Horregatik, EAJren ustez, gainordainaren helburua «lausotuta» geratu da.
Guzaneko zinegotziek, «arazo pertsonalak tarteko», ez dute batzordeetan parte hartzeko aukerarik eduki; beraz, ezin izan dituzte nahi modura gainordainetik libre geratzen direnen kasuak aztertu. Euren bozketaren noranzkoa abstentziora zihoala azaldu zuten. Baina, aurten, gazteen emantzipazio programa martxan jarri dela eta funtzionatzen ari dela ikusita (10 eskaera egon baitira), aurrera egiteko modua dagoela uste dute, eta aldeko boto bat ematea erabaki zuen alderdiak.
Izartu Bermeoren botoa aurkakoa izan zen, gainordainaren diruagaz zer egingo den jakin gura dutela azaldu zuten, botoaren norabidea arrazoitzean.
%50eko gainordaina
Libre daudenak
2017an libre egon direnak.
– Ostatu edo pentsio jardueretara lotutako higiezinak.
– Errentan emateko helburua duten entitate publikoren baten eskuan utzitako higiezinak.
– Zaharren egoitzetan erroldatutako pertsonen titularidadeko etxebizitzak.
– Herentziaz hartutako etxebizitzak, betiere, heriotza datatik 3 urte igaro ez denean.
– Zerga sortutako aurreko urtean eskuz aldatutakoak.
Onartu dituzten kasu berriak.
– Menpekotasun egoeran deklaratuta dauden kasuetan, salbuetsita egongo da hutsik gelditzen den etxebizitza, bai menpekotasun titularrarena edo menpekotasuna aintzatetsita daukan pertsonaren kargu egiten dena.
– Etxebizitzan erroldatutako inor ez egon arren, zerga sortu den eguna baino arinagotik alokairuan emanda badago.
– Etxebizitza normalean alokairuan ematen bada ere, zerga sortzen den egunean alokatuta ez balego, baina aurreko bi urteetan, gutxienez, 365 egunetan alokatuta egon bada.
– Lan arrazoiengatik, salbuetsitako etxearen jabea kanpoan alokairuan bizi bada.
– Banaketa baten ondorioz, bikotekide ohiek erabiltzen duten etxebizitza, banaketa agiri judizial bidez frogatzen bada eta banaketa akordioan gurasoak txandaka bizitzeko beste etxebizitza bat dagoela adosten bada.
– Higiezinean etxebizitzarena ez den legezko ekonomia jarduera bat garatzen bada.