Zestan jokatuz, elkar ezagutu
Xistera proiektuaren barruan, Ereñoko, Berriatuko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Tolosako, Andoaingo eta Gasteizko eskoletako pilotari nesken topaketa hartu du Ereñok.Gustuko kirola praktikatuz, elkar ezagutzea da topa...
Xistera proiektuaren barruan, Ereñoko, Berriatuko, Markina-Xemeingo, Mutrikuko, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Tolosako, Andoaingo eta Gasteizko eskoletako pilotari nesken topaketa hartu du Ereñok.
Gustuko kirola praktikatuz, elkar ezagutzea da topaketen helburu nagusia, eta kluben arteko harremanak sendotzea lortu du Xistera proiektuak.Gero eta gehiago dira zestan jokatzen duten neskak, eta apurka-apurka, euren bidea egitea lortu dute. Ondorioz, mutilekin zein eurek bakarrik jokatzeaz gain, nesken topaketak ere egiten dituzte.
Ereñoko, Markina-Xemeingo, Berriatuko, Mutrikuko, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Tolosako, Andoaingo eta Gasteizko zesta eskoletako neskak domekan batu ziren Ereñoko Udal Pilotalekuan. Hain zuzen ere, Xistera proiektuaren barruan aurten egin duten nesken hirugarren topaketa izan da, eta adin desberdineko 27 pilotari elkartu ziren Ereñon.
11:00ak aldera elkartu ziren zestan jokatzeko, eta adin eta mailaren arabera banatuta aritu ziren. Hasiberriek eta erdi mailakoek kinielak jokatu zituzten, eta nagusienek, berriz, partidua.
Xisteraren ordezkari Izaro Arbek azaldu duenez, kinielak oso parekatuak izan ziren. «Bikoteak nahastuta osatu genituen, elkar ezagutzea baita helburua». Hala, txikienen kinielan bost bikote osatu zituzten, eta erdi mailakoenean, zazpi.
Topaketa amaitzeko partiduko bikote bat Gasteizko eta Mutrikuko eskoletako ordezkari banagaz osatu zuten, eta Donostiako eta Ereñoko pilotari banagaz osatu zuten beste bikotea. 15 tantoko set biak irabazi zituen lehenengo bikoteak. Ostean, goiz pasa ederra borobiltzeko hamaiketakoa eduki zuten.
Hurrengoa, Tolosan
Ereñon elkartu ostean, Xistera proiektuan dauden eskoletako neskek Tolosan daukate hurrengo hitzordua. Azaroaren 18an izango da.
Abenduaren 3an, berriz, nazioarte mailako topaketa egingo dute Berriatuan. Euskal Herriko eskoletakoekin batera, besteak beste, pilotari katalanek, frantziarrek eta mexikarrek daukate parte hartzeko asmoa.