Baserritarrentzat urteko plazarik onenetakoa da urriko azken astelehenekoa. Salmentei begira ez ezik, lehiaketara aurkezten diren produktuak ezagutzera emateko aukera dute.
Lunes gernikes, kolperipez esan ohi da. Eta jai eguna izango da askorentzat
hurrengo astelehena, urriko azkena. Beste askorentzako, aldiz, lan eguna eta saltzeko egun handia. Baserritarrekin batera,
hainbat ekoizle batuko dira egun horretan Gernika-Lumoko azoka nagusian; tartean, gaztagileak. Ardi latxaren esnearekin ekoizten den Idiazabal gazta ekarriko dute Urriko?Azken Asteleheneko plaza handira, baita «elaborazio bereziaren emaitza» den Bizkaiko txakolina ere.
Jon Andoni Rementeria sommelier gernikarrak ondo ezagutzen ditu ardo horiek. Haren esanetan ekoizleek gauzak ondo egiten dituzte. Orain 23 urte jaio zen
Bizkaiko txakolina, eta mahastiek gero eta urte gehiago dituzte. Hori ardoarentzat ona dela dio Rementeriak: «Urtean-urtean ikusten dugu produktu berriak ekartzen dituztela ekoizleek, modu berezian egindako ardoak, berdin zuriak, gorriak, beltzak, laranjak edo apardunak». Astelehenean 09:00etatik 11:00etara azokatik buelta egiten du Rementeriak, produktuak dastatzen; txakolinak, alegia. Aukeraketa egiten du, baina puntuatu ez. «Txakoli eta upeltegi guztiak ezagutzen ditut, eta aurreiritziak izan ditzaket. Nire iritzia badut, baina gero epaimahaiak puntuatzen du, eta hori da garrantzitsuena», azaldu du Rementeriak. Urriko Azken Astelehenean, baina, asko eta asko izaten dira ekoizleek Gernikako azoka handira ekartzen dituzten produktuak.
Dena den, txakolinen kasuan, urterik urte, alde nabaria izaten dela uste du Rementeriak. «Hobetzen doaz, eta urte batzuetara askoz hobeak izango direla uste dut», dio. Dena den, egun horretakoa «ikusgarria» dela deritzo: «gazta, ogia, eztia, ortuariak… Denetik ekartzen dute Gernikara, Euskal Herriko onena».
Epaimahaia. Urriko Azken Asteleheneko Azokako salmahaietara ekartzen dituzten
produktuak dastatzen esperientzia dauka
Iñigo Ordorika gernikarrak ere. Sukaldaria da bera, eta hamabi urte daramatza egun horretan lehiaketara aurkezten dituzten gaztak probatzen eta puntuatzen. «Ez da erraza» –dio–, «gazta bera hainbat aldiz probatu behar dugu beste batzuekin alderatzeko». Epaitzeko, baina, badituzte jarraibide batzuk. Ordorikak azaldu duenez, zortzi parametro baloratzen dituzte Idiazabal gazta sailkatzerako orduan.
Hala ere, beretzat bi dira garrantzitsuak, batez ere: batetik, lehenengoz probatzean ahoan duen gustua; eta, bestetik, probatu ostean uzten duen zaporea. Txakolinetan ez legez, gazten kasuan urterik urtera alde nabaririk ez dute somatzen epaimahaikoek. «Egia esan, gazta era tradizional batean eginda, emaitza berdintsua izaten da urtero», dio. Dena den, gazta denak desberdinak izaten direla dio Ordorikak, «produktu oso onak ekartzen dituzte, baina bakoitzak gurea defendatzen dugu». Azken batean, ekoizle denek ekartzen dute gaztarik bereziena. «Produktu ona ekartzeaz gain, gernikara beti etortzen dira bereizgarri den zerbaitekin, berezkoa dutena. Egia esateko, ekoizleak Gernikara ‘de gala’ etortzen dira, merkaturik potenteenetakoa delako, potenteena ez bada», aipatu du.
Kalitatea hobetuz. Produktu antzerakoak ekarri arren, kalitatea urterik urte hobetuz doala aitortu du Gernika-Lumoko sukaldariak. «Ekoizleek eurek gazta egiteko teknikak hobeto kontrolatzen dituzte, informazio gehiago izaten dute urterik urtera, eta kalitate zein itxura aldetik gaztaren azken produktua hobetu egiten da», nabarmendu du. Olabarriko Aizpearen gazta aukeratu zuen iaz epaimahaiak Gernikara ekarritako onena bezala. Hori izan zen iaz Gernikako Urrea eta Aizpearen gazta erdia eskaini zuten enkantean.
Aurten ere
hamar lagunek osotuko dute epaimahaia, produkturik onenak saritzeko. Ordorikak dioenez,
ekoizleek, oro har, lan handia egiten dute Urriko Azken Astelehenera primerako generoa ekartzeko, «eta sekulako meritua daukate denek». Hori dela eta, astelehenean Gernikan izango diren gaztagileen artean faboritorik ez duela dio. «Sorpresa eman ala ez, niretzat denak izango dira irabazle»– gaineratu du–; «gaur egun ekoizleek produktuari jartzen dioten mimoa izugarria da,eta sukaldari garenoi sekulako mesedea egiten digute. Lana egiterako orduan gauzak errazten dizkigute».