Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuaren baitako tailerrak direla azaldu dute Bermeoko Udaletik. Hain zuzen ere, Ignacio Arozena institututko DBH1eko ikasleei zuzendutako tailerrak dira; 70 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Jon Gomez azalpenak ematen martitzenean. Argazkia: Bermeoko GIZ
Azaldu dutenez, “gaur egungo gizartean, eta, bereziki, nerabezaroan, informazio eta komunikazio teknologiek garrantzia handia hartu dute formazioan eta hezkuntzan, bai eta harremanak izaterako orduan ere”. Horregatik, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) landuko dituzte ikasleekin, baina batez ere, sare sozialak modu egokian erabiltzen ikasteko tailerrak izango direla jakinarazi dute.
Lehenengo tailerra edo berbaldia asteon izan dute, martitzenean, hain zuzen ere. Hurrengoa, urriaren 31an izango da, eta hirugarrena eta azkena, azaroaren 7an. Bi orduko tailerrak dira, eta Jon Gomez Garaik eskaintzen ditu.
Tailer horien helburuak honakoak dira: sare sozial eta horien ezaugarri eta ondorioei (positibo zein negatibo) buruzko hausnarketa egiteko eremua ezartzea eta sare sozialen erabilera egokirako baliabidez hornitzea.
Tailerrak DBH1eko ikasleei bideratzea pentsatu dutela diote, “adin horretako gazteen gehiengoak Whatsapp, Instagram, Facebook, Twitter eta bestelako sare sozialetarako sarbidea duelako eta askotan ezjakintasunez eta era guztietako arriskuak bere gain hartuz erabiltzen dituztelako”.