Xistera proiektuaren barruan nesken hainbat topaketa egin dituzte dagoeneko, eta oraingo honetan Ereñoko Udal Pilotalekuan elkartuko dira Euskal Herriko zesta eskola batzuetako neskak.
11:00etatik aurrera, maila desberdinetako partiduak jokatuko dituzte. Hain zuzen, txikienen txanda izango da lehenengo. Horiek kiniela jokatuko dute 15 tantora. Jarraian, erdi mailakoekin beste kiniela bat egingo dute, eta nagusienen partiduagaz bukatuko dute.
Partiduen ostean hamaiketako izango dute.
Herriko zesta eskolako neskekin batera,
Markina-Xemeingo, Berriatuako, Mutrikuko, Durangoko, Zumaiako, Donostiako, Tolosako, Andoaingo eta Gasteizko eskoletako kideak batuko dira.
Xisterako klubek egiten duten nesken hirugarren topaketa da. Irailaren 24an egin zuten lehenengo topaketa Mutrikun, eta urriaren 7an Donostin elkartu ziren.
Ereñokoaren ondoren, Tolosan batuko dira azaroaren 18an, eta abenduaren 3an nazioarte mailako topaketa egingo dute Berriatuan. Bertan Euskal Herriko eskoletakoekin batera, besteak beste, pilotari katalanek eta frantziarrek parte hartuko dute, eta Mexikotik etortzeko ere gonbidapena bidali diete.
Irailaren 24an Mutrikun egin zuten topaketa.
Argazkia: Danok Bat Pelotazale Elkartea.