Atzera kontua hasi da Julen Urdaibai korrikalari bermeotarrarentzat. Abentura berri baterako prest dago. Afrikara bueltatuko da; oraingoan, baina, Mozambikera doa.
Ultra Africa Race lasterketa lehiatuko du bermeotarrak.
220 kilometro egin beharko ditu korrika,
bost etapatan.
Julen Urdaibai Kalaharin, 2015ean
Mozambiken lehenengoz egingo den lasterketa horretan
24 parte hartzaile egongo dira, tartean madrildar bat, Carlos Llano. Lasterketa
azaroaren 5etik 9ra lehiatuko da, nahiz eta bermeotarra azaroaren 1ean abiatuko den Afrikarantz. Eguna iristeko zain dago. «Beti gertatzen da, data hurbiltzen denean, joan gura dut, korrika egin eta bueltan egon».
Orain arte, lasterketak amaitzea zen Urdaibaren helburu nagusia, urteekin, hala eta guztiz ere,
helburua sailkapenan «ahalik-eta goren» egotea dela dio: «Sailkapenean goian egoteko entrenatzen dut, eta ez bakarrik lasterketa amaitzeko. Urteekin helburuak aldatzen doaz. Lehenengo, lasterketak amaitzea zen helburua. Orain, zoritxarreko ezer gertatzen ez bada, badakit proba amaituko dudala, prestatuta nagoelako».
Kasualitatez. Otsailean Ipar Polora joatea zen korrikalari bermeotarraren helburua, baina urte «nahasia» izan duela dio: «Entrenatzen hasi nintzen, baina denbora faltagatik, goizean goiz eta gauez entrenatu behar nuen. Oso nekatuta nenbilen, eta azaroan, bi gau itzartu nintzen antsietateagaz. Beldurtu egin nintzen, eta gorputzari atseden apur bat ematea erabaki nuen». Hala, Ipar Poloko lasterketa hori beste urte baterako uztea erabaki zuen. Suediakoa, hala ere, buruan dauka, «egin beharrekoen artean».
Hurrengo aukera Thailandia zela dio. Asian egon ez denez, gogoa zeukan. Azaroaren amaieran egitekoa da hango lasterketa. Irakaslea da Urdaibai, eta sasoi horretan notak jarri behar dituela eta, «ezinezkoa» zuen hara joatea. Lasterketarako prestatzen hasita zegoenez, baina, beste proba batzuk bilatzen hasi zela esan du, eta Mozambikekoa aurkitu zuen. Hala, Mozambikeko lasterketara «kasualitatez» iritsi dela nabarmendu du.
Urdaibai Transalpin Run lasterketan, iaz
Aurrekoetan egin moduan,
aurten ere soinean eraman beharko du bost etapetarako behar duen guzti-guztia. Klima aldetik, dioenez, «ez da muturreko leku bat». Uda sasoira doaz, eta egunez, 20 eta 30 gradu bitartean egin ditzake, eta, gauez, berriz, 10 eta 15 gradu bitartean. Etapa guztietan, bestalde, maldan gora eta maldan behera egin beharreko tarteak daudela dio; «ez Alpeetako modukoa, baina leuna ere ez da».
Oso ondo ari da entrenatzen: «Beste urte batzuetan gainkargak eduki ditut edo ezustekoren bat edo beste, aurten, ederto baten ibili naiz eta nabil». Sei saio egiten ditu astean, baina saio guztiak ez dira korrika aritzekoak, giharrak eta indarra lantzeko ariketa asko ere egiten ditu. Batzuetan herritik ibiltzen da korrika, baina, gehienetan, mendian gora eta behera ibiltzen da. Domekan, esate baterako, bost ordu eta erdiko entrenamendua dauka menditik. 2012. urtetik entrenatzaile bategaz egiten du lan, Luis Toribio irundarragaz. Lasterketan motxila soinean eroan beharko duenez, entrenamenduetako asko ere motxilagaz egiten ditu, «pisuagaz mugitzen ohitzeko».
Erronka berriak. Aurrera begira, erronka berriak gura ditu Urdaibaik; «
lasterketa luzeagoak edota gogorragoak» begiratzen hasi da. Hasierako helburura bueltatu gura du, proba amaitzera, alegia. «Lehen edukitzen nituen sentipenak eduki gura ditut berriro ere; proba amaitzeko gai izango ote nintzen galdetzen ibiltzen nintzen nire buruari».
Mozambikeko lasterketa antolatzen duen enpresa berberak, bi urtean behin Australian antolatzen duen lasterketa bat aipatu du adibide moduan. 520 kilometroko proba da, bederatzi egunetan egitekoa. Txinako Gobi basamortuan egiten duten beste larketa bat ere aipatu du, 400 kilometrokoa, baina etaparik gabekoa; «lasterketa hasi eta sei egun ematen dizute lasterketa amaitzeko, norberak erabakitzen du lasterketa zelan antolatzen duen».
Mozambikeko lasterketara joateko bermeotarrak Haglofs eta Overstimsen laguntza izango du, beste behin ere.