Bi dokumentalekin ospatuko dute Zine Klubaren 35. urteurrena
Gernika-Lumoko Zine-Klubak 35 urte bete ditu aurten, eta hori ospatzeko, dokumental bi prestatu dituzte. Barikuan eta zapatuan proiektatuko dituzte, 20:30ean hasita. Horren aurretik, baina, aurkezpen txiki bat egingo dute, eta Elai Alai dantza taldearen saioa ere izango dela aurreratu dute.
Batetik, Argi eta Itzalen pantaila dokumentala estreinatuko du Zine-Klubak Lizeo Antzokian. Horren bitartez, Gernika-Lumon egon diren zinemetatik «ibilbide sentimental bat» egingo du, «hasieratik gaur eguneraino». Pedro Durana Zine-Klubeko kideak azaldu duenez, film horrek «Gernikako zineen historia kontatzen du, eta, era berean, zineari orokorrean omenaldia ere egiten dio». Izan ere, Duranak dioenez, zineak herritarren bizietan eragina izan du, emozioa eman die: «Negar egin dugu, barre egin dugu, era guztietako emozioak bizi izan ditugu zineagaz».
Bestetik, Gernika Garretan kolektiboaren elkarlaguntzagaz sortutako Gernika Garretan dokumentala aurkeztuko dute bihar eta etzi. «Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira egin zuten antzezpena grabatzeko prest geunden galde egin ziguten eta hala egin genuen. Gainera, Deustuko 6 Pabiloilan egin zuten antzezpena ere grabatu genuen». Hala, bi horiekin egindako «muntaia pertsonala» da egunotan Lizeo Antzokian ikusi ahalko dena. «Ikusi duen jendeak gustuko izan du, eta publikoak ere hala izatea espero dugu».