Udalak irisgarritasun plana egiteko parte hartze prozesua abiatu du
Elantxobeko Udalak herritarren mugikortasuna erraztea du helburu. Udalerriko goiko aldea eta portua batuko dituen igogailua jartzea aurreikusi du udalakElantxobeko Udalak irisgarritasun plana egingo du, eta horretarako herritarren ekarpenak eta proposa...
Elantxobeko Udalak herritarren mugikortasuna erraztea du helburu. Udalerriko goiko aldea eta portua batuko dituen igogailua jartzea aurreikusi du udalak
Elantxobeko Udalak irisgarritasun plana egingo du, eta horretarako herritarren ekarpenak eta proposamenak kontuan hartu gura dituenez, parte hartze prozesu bat zabaltzea erabaki du.Elantxobeko alkate Josu Olagibelen esanetan, «herrian mugikortasuna erraztea da asmoa, modu erosoan goitik behera ibili ahal izateko».
Herritarrek herriko kaleak, sarbideak eta eguneroko mugikortasun arazoak ondo ezagutzen dituztenez, partaidetza prozesu bat zabaldu dute. Hala, herritarrek ekarpenak eta iradokizunak egin ahal izango dituzte: «Herriko beharrizanen neurriko irisgarritasun plana diseinatzeko, bertako bizilagunak baino hoberik ez dago».
Horren harira, alkateak herritar guztiak animatu ditu parte hartzera. Gainera, ahal besteetan, mugikortasuneko puntu beltzak erakusteko argazkiak gehitzea eskatu dute; eskailerak, malda bereziak edota sarbide neketsuak, esatereako.
Beste alde batetik, udalak jakitera eman duenez, Bidekalea eta Portu Kalea batzen dituen ibilbidearen aurreproiektuaren erredakzioari dagokionez, herriko goiko aldea eta portua batzeko igogailu bat jartzea aurreikusi dute. «Igogailuak tarte bertikala edukiko luke Makues erretegitik begiratokiraino, eta okertutako beste tarte bat edukiko luke, berriz, begiratokitik portuko latsarriraino».
Alkatearen arabera, «asmo handiko proiektua da Elantxobe bezalako herri txiki batentzat», baina, herrirako «ezinbesteko» proiektua dela gaineratu du.
Diru laguntza eskaerak
«Erakundeen laguntzari esker elantxobetarron bizimodua oztopatzen duen herriko antzinako arazo hau konpontzea espero dugu», esan du alkateak. Proiektuaren garrantzia ikusita, eta aurrera eroan ahal izateko, udalak erakunde ezberdinetan eskatuko du diru laguntza.
Informazio eta dokumentazio guztia udalaren webgunean batuko dutela adierazi dute.