Urriaren 19tik aurrera, etapa berri bati ekingo dio Bermeoko Udal Liburutegiak eta Euskara Sailak antolatzen duten irakurleen txokoak. Etapa berri honetan
Arrate Egaña idazleak egingo ditu
dinamizatzaile lanak.
Juan Karlos Agirre euskara zinegotzia, Arrate Egaña idazlea eta Maite Alvarez euskara teknikaria, etapa berria aurkezten
Egañak uste du “aberatsa eta aberasgarria” izango dela irakurleen txokoko etapa berri honetan dinamizatzaile lanak egitea, eta beretzat “erronka garrantzitsua” dela esan du. Saioak “atseginak eta parte hartzaileak” egin gura dituela dio Bermeoko bizilagunak. Hala, etapa berria “ilusio handiz” hasten du.
Taldea,
hileroko hirugarren eguenetan batuko da,
18:30etik 20:00etara, udal liburutegian. Oraingoz, 14 lagunek eman dute izena, baina taldea zabalik dagoela gogorarazi dute.
Izena eman gura dutenek,
udal liburutegira jo beharko dute.
Lehenengo saioan, urriaren 19an,
Jhon Cheever idazlearen Igerilaria ipuinaz ariko direla esan du Egañak. Ondoren, partaide guztien artean, ikasturtean irakurri eta komentatuko dituzten liburuak erabakiko dituztela jakinarazi du. Egañak zerrenda bat prestatu du, baina zerrenda hori “ez dela itxia” gaineratuta. Hala ere, bere ustez, liburu interesgarriak aukeratu dituzte, eta denetarik dagoela dio: klasikoak, egungoak, bertoko idazleek euskaraz sortutakoak, itzulpenak…
Hileroko dinamikaz gain, idazleekin topaketak eta solasaldiak egiten jarraituko dutela esan du Bermeoko euskara teknikari Maite Alvarezek: «Idazleen lana lehen eskutik ezagutzeko aukera ezin hobea eskaintzen dute eta oso interesgarriak izaten dira”.
Ikasturte bakoitzean
zortzi liburu irakurri eta horiei buruz berba egiten dute irakurleen txokoan. Parte hartzaileek udal liburutegian eskatu ahalko dituzte irakurleen txokorako irakurri beharreko liburuak.