“Zer gara gu, nor gara gu, euskotarrak gara gu…” kanta ezagunagaz eman diote hasiera eguerdian Gernika-Lumoko
Euskal Jaiari. 12:00etan Urdaibai Kantaguneko bi ordezkarik irakurri dute pregoia, eta jarraian, Iñigo Magunagoikoetxea Kultura eta Jai zinegotziak bota du txupina.
Pregoian esan dutenez, euskaldunok garena izateaz harro egoteko eta aldarrikatzeko eguna da gaurkoa: “Izan garenaren esentzia dugu gaur arropetan, eta garenaren indarra gorputzetan eta ahotsetan”, gaineratu dute. “Kantatzen den herri bat bizi izan da gizaldi luzeetan. Gu gara horren lekuko, eta geu aldi berean lekukoa eskuan daukagunok. Hartu gura genduna baino apur bat euskaldunagoa utzi gura genuke herria gure ostetik datozenentzat. Kantaz kanta eta dantzaz dantza garena bizi, gozatu, erakutsi eta irakatsi daigun”.
Euskal Herria
kulturaz, ohituraz, historiaz eta folkloreaz betetako herri bat dela nabarmendu dute. “Ospatu dezagun gure izatea, adorno barik eta lotsa barik, txarrari barre egin, eta onagaz harrotu. Kantatu eta egin dantzan, eta pentsatu kale zaharretako hormek zer gordetzen duten. Herri hau erre egin zuten, eta errautsetatik berriro sortu zen euskaldun askoren lanari esker; indarrez, kantuz, bertsoz, musikaz eta lanez aurrera egin zuen belaunaldi oso bati esker hemen gaude”.
Txupina jaurti ostean, agurra dantzatu, eta bertoko eta Euskal Herriko hainbat udalerritatik etorritako abesbatzen emanaldia hasi da. Hala, askotariko musikariak batu dira eguerdian. Euskal Herriko Kantaguneko kideez gain, Segundo Olaeta Musika Eskolako musikariek, Gazteak txistulari taldeko ordezkariek eta Busturialdeko gaiteru eta trikitilari taldekoek euskal doinuz bete dituzte kaleak.
Halaber,
Piratak Herri Kirol Taldeko neska-mutilek herri kirol erakustaldia egin dute Artekalen. Besteren artean, harrijasotzen, txokor batzean zein harria zulatzen daukaten abilezia erakutsi dute, eta ume, gazte zein helduek adi jarraitu dute saioa.
Bestalde, aurten berritasun legez Muxikako Maume auzoko ardiak ekarri dituzte Gernika-Lumora. Saraspe plazatik merkurio iturriaren pareraino heldu, eta
artilea zelan
kentzen zaien bertatik bertara ikusteko aukera izan dute bertan bildutakoek.
Bazkaldu aurretik, Elai Alaiko dantzariek
Erregelak eskaini dituzte Merkurio iturriaren parean, eta herritarrak ere atera dituzte jota eta arin-arina dantzatzera.
Gero, 15:00ak aldera jendetza batu da Merkatu plazako
herri bazkarian.
Egun osoko jaia da gaurkoa, eta arratsaldean ere bada zertaz gozatu. Bazkalostean, esate baterako, dantzan eta kantuan segitzeko aukera izango dute Merkatu plazan elkartutakoek; Urdaibai Kantaguneko eta Elai Alai dantzari taldeko kideek izango dute plaza girotzeko ardura. Halaber, leku berean
umeen txokoa egongo da, URE-ren eskutik.
Hala, 19:30ak inguruan, Merkatu plazatik abiatuta kalejira egingo dute
Dunbots txarangak eta
EinGo taldeak lagunduta. Iluntzean, berriz,
Lehian taldearen
erromeriak girotuko du Pasealekua.