II. Mendi duatloia lehiatuko dute bihar, Ean. Iazko probagaz alderatuta, zenbait aldaketa egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. Gainera, helduek ez ezik, umeek ere parte hartu ahalko dute zapatuan, beraientzako duatloia prestatu baitute.
Gaur gauerdian amaituko da aurretiaz izena emateko epea, eta atzo eguerdirako, 20 pertsonek zuten izena emana
www.kirolprobak.com webgunean. Hala ere, antolatzaileek aipatu dute, guztira, 70 bat parte hartzaile espero dituztela zapaturako.
Eako proba hori Euskal Herriko VII. Mendi Duatloi Zirkuiturako puntuagarria da, eta orain arte kostaldeko proba bakarra zen. Dena den, aurten, Getarian ere proba lehiatuko dutela jakinarazi dute.
Iaz bezala, frontoian hasi eta bukatuko dute parte hartzaileek mendi duatloia; hala ere, ibilbidean aldaketa batzuk izango direla aurreratu dute. Hasteko, 7,2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute arineketan parte hartzaileek–udako martxako ibilbidea sartuko dute–, eta jarraian bizikletak hartu eta 14,5 kilometroko zirkuitua egin beharko dute –itsaso alderantz gehiago jaitsiko dira–. Proba korrika bukatuko dute herritik eta moilatik, 1,5 kilometro eginez.
Aurten, gainera, berritasun legez, parte hartzaileek bikoteka erreleboka burutu ahalko dute proba.
Iaz goizez lehiatu baziren ere, aurten arratsaldez ariko dira parte hartzaileak. Hain justu, 16:00etan dute ordua proba hasteko. Horren aurretik, baina, I. umeen mendi duatloia egingo dute, 15:00etan hasita. Parte hartzaile txikienek 1,5 kilometro egin beharko dituzte korrika, kilometro bat bizikletan, eta beste 500 metro arineketan eginda bukatuko dute proba.
Aurreikuspenen arabera eguraldi ona egingo duela-eta, pozik dira antolatzaileak, eta proba antolatzen lanean aritutakoak eskertu gura izan dituzte, «horien laguntza gabe ez dagoelako ezer».