Ilusioz nesken harrobia sortzen
Gurasoen inplikazioa ere erabatekoa da, eta taldea osatzea lortu eta lehiatzeko prest daudelako oso pozik daude. Hala ere, erakunde publikoen aldetik, oro har, emakumezkoen kirola bultzatzeko konpromiso falta dagoela azpimarratu du Urizarrek. Instituzioetako zenbait ordezkarik parekidetasunaren aldeko adierazpenak egin arren, hitzetatik ekintzetara urratsa ematearen beharra ikusten du. Hala, udalek, adibidez, laguntzak eman, eta konpromiso gehiago hartu beharko luketela deritzo. Lehen Mailako epaile eta Athletic Clubeko zuzendaritza taldeko kide izandakoa da Urizar. “Taldea sortzekotan ginela, Lezarama joan, eta kadeteen talde bat osatu gura nuela esatean, zoragarria litzatekeela erantzun zidaten. Bizkaian ez dagoela nesken harrobirik esan eta ahal zuten guztian lagunduko zigutela hitzeman zidaten”. Gero, taldea osatu, eta Athleticeko hiru jokalari gonbidatu zituzten hitzaldi bat ematera; tartean, Gautegiz Arteagako Damaris Egurrola. “Orduan oihartzun handiagoa izan genuen, eta beste hiruzpalauk izena eman zuten”, gogora ekarri du. Urdaibai FTk eta Lumo Kirol Eskolak hitzarmen bat dute, eta bertatik Urdaibai FTra pasatzen dira. “Bertan entrenatzaileek baloia zelan ukitu, mugitu eta beste hainbat gauza irakasten dizkiete, guregana datozenean oinarri bat izan dezaten”. Filosofia propioa Hasieran kadete eta gazte mailetako talde bana zeuden. Gaur egun, ostera, lurraldeko hirugarren mailako mutilen taldea, mutil gazteen bat, mutil kadeteen bi, kadete neskena, txiki neskena eta alebinen taldeak osatzen dute Urdaibai FT. Etorkizunean beste kirol batzuetara heltzea dute asmo: tenisa, ping pong, atletismoa, judoa… Beste batzuekin alderatuta, filosofia guztiz desberdina dauka klubak. Jokalarien artean hainbat balio bultzatzen ditu; besteak beste, errespetua, lagunartekotasuna edota talde lana. “Gure ideia, filosofia zabaltzea gustatuko litzaiguke. Denek irabazi gura dute, baina hori ez da garrantzitsuena”, dio Urizarrek. Kirol heziketa da garrantzitsuena, oinarrizko balioak ikastea. Horregatik lehen urtean joko arauen ikastaroa egin behar dutela dio Urizarrek: “Bigarren urtean inork ezin du jokatu aurretik ikastaroa egin ez badu. Kirolariek kirol bat egiteko bertako arautegia ondo ezagutzea beharrezkoa da”. Ume eta gaztetxoek ez ezik, guraso batzuek ere parte hartu dute ikastaroan. Bi hilabetez, astean behin elkartzen dira ikastaroan. Urriaren erdialdera hasiko dute aurtengoa. Arautegia ikasi duten batzuei jakinmina piztu, eta epaile izateko ikastaroa ere egin dutela dio Urizarrek. Hain zuzen, Urdaibai FTn 37 epaile dituzte dagoeneko, eta jendea entrenatzaile izateko lehen kurtsoa egitera ere animatzen dute. Bestalde, lehen sorospen ikastaroa eman, eta hitzaldiak antolatzen dituzte. Esate baterako, Athleticeko prestatzaile fisikoa izandako Manolo Delgadoren eta Athleticen 25 urtez egon den Miguel Gutierrez fisioterapeutaren azalpenak eta aholkuak entzun dituzte. Errespetua lantzen dute, eta irainek eta jarrera desegokiek ez dute lekurik. Hala, jarrera eredugarriak sustatu asmoz, talde argazkia ateratzen dute aurkariekin, esaterako. “Aurkariagaz ez abusatzea da Urdaibai FTko izpiritua; ez zaigu bederatzi goletik pasatzea gustatzen. Asmo txarrez ez izan arren, ezin da aurkaria umiliatu”.“Jokalariek gozatzea eta egunez egun ikasten joatea da garrantzitsuena”