Foruko Udalak Gaitoka eta Oletako bideak konponduko ditu
Udalak dagoeneko esleitu ditu lanak, eta konponketak laster hasiko dituela jakinarazi du. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Ilunzar S.L. enpresa izango da lan horiek egiteko ardura izango duena. Lanok bi hilabeteko epea izango dute, eta, guztira, 61.626,89 euroko aurrekontua bideratuko du Foruak beharrak egiteko.
Jane Eyre Urkieta Foruko alkateak adierazi duenez, “gure bideak eta sarbideak herriarentzat modu egokian mantentzea beharrezkoa da. Sakabanatutako auzoak eta baserriak ditugu, eta mugikortasuna ezinbestekoa da berton bizi garenontzako”. Beraz, hobekuntza horiek egiteko inbertsioa ezinbestekoa dela esan du alkateak, eta udalak finantziazio bideak bilatu dituela horretarako, aldundiaren edo jaurlaritzaren kudeaketa, kasurako.
Asfaltatze lanak baino gehiago. Gaitoka eta Oleta auzo bideetan egingo dituzte hobekuntzak. Besteak beste, Gaitoka erdigunearekin lotzen duen bidean kilometro bateko tartea asfaltatuko dute. Baina, horrez gain, drainatze lanak ere egingo dituzte, eta arekak hobetu, hostoak eta harriak bertan metatu ez daitezen. Baserrietarako adarkadurak ere hobetuko dituzte.
Oleta bidean, aldiz, Baldatikara doan pista batean atontze lanak egingo dituztela jakinarazi du udalak. 300 metrotan dagoen hormigoizko bidea luzatzea da asmoa. Bitartean, bide alboetan areka bat egingo dute, eta euri uren drainatzea hobetuko dute.