Bermeoko Udalak
diru laguntzak emango ditu euskara ikasi eta gidabaimena euskaraz ateratzeko . Laguntza horiek eskatzeko epea zabalik dago, eta
hilaren 31ra bitartean aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Berhaz bulegoan (Ertzilla kaleko 6-8 zenbakietan) egin behar dira diru laguntza eskaerak. Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak esan duenez, 2016-2017 ikasturtean eta 2017ko udan egindako ikastaroak dira udalak diruz lagunduko dituenak. Agirrek esan duenez, “euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei eraztasunak ematea” da laguntza horien helburua, “matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dadin euskara ikasteko”. Hala, aurreko ikasturtean edo udan homologatutako euskaletegietan ikasten ari direnek har dezakete laguntza.
Diru laguntzak eskatzeko, baina, herritarrak
baldintza batzuk bete beharko ditu: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen den arte emaniko orduen %80 gutxienez klasean eman izana, eta ikastaroa amaitzea. Ikasle bakoitzak gehienez 300 euroko laguntza hartuko du. Ikastaro bat baino gehiago egin dituztenek, aldiz, gehienez 500 euroko diru laguntza hartuko dute ikastaro denengatik.
Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik hartzen dutenei, gehienez, matrikularen %70 bueltatuko zaie; eta diru laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei matrikularen %60.
Gidabaimena euskaraz aterako laguntzak. Era berean, Bermeoko Udalak autoa
gidatzeko baimena ateratzeko klaseak eta azterketak euskaraz egin izana ere lagunduko du. Horretarako eskabideak ere
Berhaz bulegoan aurkeztu behar dira,
urriaren 31 arte. Kasu horietan, baina, diru laguntzaren eskatzaileek NAN fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz hartu eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin izanaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko dituzte. Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren frogagiria ere aurkeztu beharko dute. Gidabaimea euskaraz ateratzeagatik, Bermeoko Udalak 150 euroko laguntza emango die baldintzak betetzen dituztenei.
Baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta edukitzea eta eskaerak aurkezteko epea amaitu orduko Bermeoko Udalarekin zorrik ez edukitzea.