Balio anitzeko kareharri gorria
Gernika-Lumotik abiatu eta Lekeitiorako bidean, Ereñoko mugan daude Andrabideko harrobiak. Egun utzita dauden kareharrietara aise sar daiteke bisitaria, inolako mugarik gabe.
Fosiletan aberatsa den kareharri gorriak mugak gainditu, eta munduan hedatua izan da, apaingarri gisaErromatarren Inperioaren garaian hasi zuten bertako erauzketa, duela 2.000 bat urte. Garai hartan, gainera, harri horren merkaturatzea hedatzen hasi zen, Araba aldera, kasuan-kasuan. Erdi Aroan eta Aro Modernoan ere erauzketak jarraitzen zuen Andrabideko harrobietan. Zailtasunez, ikasten ez ziren ezagutza mekanikoak zituzten pertsonek egiten zituzten erauzketa lan horiek; horien artean, nekazaritzako lana harrobikoarekin uztartzen zuten baserritarrak zeuden. Horiek mailu, falka, pikatxoi zein barrak erabiltzen zituzten burdin barra gisa, eta modu horretan ateratzen zuten harria bertatik. Marmol horren garrantzia areagotuz joan zen, eta mugak gaindituz; Bizkaian ez ezik, Italiara zein Ipar Ameriketara ere eramaten hasi ziren. Harrobiak agortuta zeudela uste zuenik izan bazen ere, jarduerak jarraitu egin zuen. 1897. urtean, esaterako, bi harrobi ustiatu zituzten Pedro Aldekozeak eta Juan Manuel Elordik. Harrobi horien artean dago, adibidez, Atzarragakoa, hain justu, Andrabideko bazterrean. Dokumentuek diotenez, ustiapenaren azken fasea 1968 eta 1989. urteen artean egin zen, Marmoleria Bilbaina SLren eskutik. Atzarragan era mekanizatuan egiten zen erauzketa, hari helikoidaleko zerraketaren aplikazioaren bitartez. Ez ziren ebakitzeko metodo modernoak erabiltzen, ez diamante distirako kableak ezta motozerra handiak ere. Eta bertako ebaketak dira jarduera garrantzitsu egiten dutenak, gure ondare arkitektonikoa bete dutenak. Baina historiaz eta balio arkitektonikoez harago, kareharri gorriaren edertasuna estimatzen duenik ere bada. Apaingarri gisa erabili izan da han eta hemen; norbanakoen etxeetan zein higiezin publikoetan: Bilboko Areatzako zein Iturribideko iturrietan eta Arriaga antzokian, Gautegiz Arteagako gazteluan… Halaber, eraikin askotako harlanduetan, molduretan, inposta erroetan zein kapiteletan ere antzeman daiteke. Eliza askotan, gainera, bataiarri bezala ere erabili izan da; besteak beste, Lekeition, Ereñon eta Ziortza-Bolibarren. Eta nekazaritzako lanabes gisa ere erabili izan dute.