Kartel «borobila» dakartela dio Mareak jaialdiko antolatzaile Ane Ortubek. Aipatu jaialdiaren
hirugarren aldia izango da aurtengoa, eta
urriaren 9tik 14ra izango da.
Zortzi ekitaldi kultural antolatu dituzte, eta
agertoki ezberdinak aukeratu dituzte horiek egiteko; aurten, gainera, agertoki berriak aukeratu dituzte.
Arrantzaleen Museoan egin dute aurkezpena. Argazkian, Ortube eta Astui
Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta Bermeoko Udalak antolatzen duten Mareak jaialdia gaur aurkeztu dute Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Izan ere, museoa jaialdiko agertoki bat izango da. Bestalde, Beleza Malandra Ateneo Kulturalean eta Bermeoko Kafe Antzokian ekitaldiak antolatzeaz gain, frantziskotarren klaustrora eta Kurtzioko baselizara ere iritsiko da abangoardia eta tradizioa uztartzen dituen jaialdia.
Ikusleria ezberdina. Mareak jaialdiagaz
gauza ezberdinak erakutsi gura dituzte: «Musika ez da gitarra jotzea bakarrik, musikak aukera asko eta asko eskaintzen ditu». Ortuberen ustez, aurten ikusleria ezberdina lortuko du jaialdiak.
Urte osoan jaialdirako egitaraua «ilusioz» prestatzen ibili dira; Horregatik, denentzako interesgarria izatea espero dute. Mareak jaialdiaren helburuetako bat «herri kulturaren bitxi eder eta txikiak eskaintzea» dela dio Ortubek, «normalean inor ohartu gabe igarotzen direnak».
Zenbait ekitaldi doanekoak direla gogorarazi dute, eta jendea animatu dute kulturaz gozatzera.
Sarrerak ekitaldiak hasi baino lehen eskuratu ahalko dira. Antzokiko jaialdirako sarrerak, hala ere, aurretiaz ere eros daitezke.
Egitaraua
Urriak 9, astelehena. Bermeoko Kafe Antzokian, 20:30ean. Between dog and wolf, The story of New Model Army dokumentala. New Model Army Bradford hiriko talde konprometitu eta basatiaren bizipen eta gorabeherei buruzko dokumentala da. Justin Sullivan-ek sortu zuen taldea 1980. urtean eta post punk, folk eta rock alternatiboaren soinuak batzen aitzindaria izan zen. Sarrera: doan.
Urriak 10, martitzena. Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 20:30ean. Joseba Irazoki Berako musikari moldakorra eta geldiezinaren kontzertua egongo da. Irazokik talentu izugarria dauka inprobisaziorako, folk, blues, psikodelia edota esperimentazio zoroenaren bidez. Sarrera: 4 euro.
Urriak 11, eguaztena. Bermeoko Kafe Antzokian, 21:30ean. Black Market Karma (Londres), Los Amantes (Castello, Herrialde Katalanak) eta Aries (Vigo-Bilbo) taldeen kontzertuak. Black Market Karmak 1960ko hamarkadako eragina duen psikodelia eta pop musika egiten du; hain zuzen ere, ekialdeko musika, folk, northern soul eta blues soinuekin nahastuta. Los Amantes hirukoteak power pop, punk, rock alternatiboa eta garajea egiten ditu, abesti freskoak eta borobilak eskainiz. Aries bakarlariak, berriz, elektronika, pop esperimentala eta 1960ko hamarkadako melodia kaleidoskopiko disdiratsuak batzen dituen melodia zirraragarria sendotu du. Sarrera: 10 euro.
Urriak 12, eguena. Frantziskotarren klaustroan, 19:00etan. Sevillako (Andaluzia, Espainia) Emilio Villalba eta Sara Marina musikariek Peregrinatio ikuskizuna eskainiko dute. Erdi Aroko Europan entzuten eta interpretatzen ziren musiken aukeraketa bat eskainiko dute. Kolorez eta mestizaiez betetako errepertorioa dakarte, musikak iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera eta alderantziz bidaiatu baitu, abantaila teknikoak, ideia berriak eta bizitza ulertzeko modu ezberdinak barneratuz. Sarrera: 4 euro.
Urriak 13, barikua. Kurtzioko baselizan, 20:30ean. Neonymusek Ultrahumano proiektu berria aurkeztuko du. Musika sakona eta hunkigarria egiten du, gizatasuna desagertu eta mito eta jainkoak agertzen diren toki zehaztugabeak bilatuz. Sarrera: 4 euro.
Urriak 14, zapatua. Arrantzaleen Museoan, 12:00etan. Neonymusek adin guztietarako kontzertua eskainiko du. Ikuskizunean musikarekin, fantasiarekin, teknologiarekin eta ezohizko musika tresna birziklatuekin, Historia inventada de la musica inventada kontatuko du. Sarrera: doan.
Urriak 14, zapatua. Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 20:30ean. Lehenengo, Honky Tonky Sanchezek kontzertua eskainiko du. Sanchezek arerio artean milaka gauetan zehar aurkituriko abesti sorta eskainiko du; country, blues, AEB-Mexiko mugako rock eta itsasoz bestaldeko literatura oinarri hartuta. Sarrera: 4 euro.
Urriak 14, zapatua. Beleza Malandra Ateneo Kulturalean, 22:30ean. DJ Witxita & The Afro Sounds bermeotarren txanda izango da. Rhythim&blues, rock&roll, soul, funky, afrobeat, ska, rocksteady, reggae eta tropikalismoa dira Dj witxitak koktelean sartuko dituen erritmoetako batzuk. Sarrera: doan