Gautegiz Arteagako udaletxean jarrita dagoen erakusketak izandako arrakasta dela eta, urriaren 31ra arte luzatu du berau bisitatzeko epea. Aipatu erakusketan, artistaren 26 koadro ikus daitezke, non bere argi eta itzalen jokoak gailentzen diren. Erakusketa bisitatu nahi duenak astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara egin dezake.
Abuztuaren 11n inauguratu zuten Ipiñaren erakusketa. Bertan, Bilbon jaiotako artistak 50,70,80 eta 90eko hamarkadetan burutu zituen lanak jarri dituzte ikusgai. Meatzei buruzko margolanak egiten zituen Ipiñak, baina horien artean, Urdaibaiko paisaiak ere margotzen zituen: bertoko baserriak, antzinako ontziolak, paisaia naturalak… Ipiñak zioen bezala, natura zen bere irakaslea. Paisaia-margolaria zen, figuratiboa, eta angelu handiko ikuspegira jotzen zuena. Argi eta itzalen arteko jokoa erabiltzen zuen bere lanetan Bilboko artistak, kontrasteetan oinarritzen zen. Gizakien irudiak oso gutxitan ikus zitekeen bere margolanetan, baina, argiaren eta itzalen bitartez, paisaia gizakia bihurtzen zuen.
Ipiñaren koadroek “gure paisaiaren aztarna emozionala osatzen” dutela-eta, ahalik eta jende gehienari artistaren lana ezagutzeko aukera emateko erakusketaren epea luzatzea erabaki du Gautegiz Arteagako Udalak. Izan ere, “gure kulturaren aldeko sentisibilitatea bultzatzearen alde” egiten dutela azpimarratu du herriko alkate Juan Felix Naberanek.
Ignacio Ipiña (1932-2010). 1932. urtean Bilbon jaio zen Ipiña, eta 14 urtegaz hasi zuen margolari ibilbidea, olioagaz egindako koadroak margotzen hasi zenean. Urduñako paisaiak margozten zituen orduan. Baina gerora, Zuzenbide ikasketak burutu, eta San Luiseko meatzak eta bere inguruak margotzen hasi zen. Orduan. Urduñako paisaiak alde batera utzi, eta bere margolanetan, adierazpena eta kolorearen indarra nagusitzen hasi zen.
Hamarkada batez Lizarrako paisaiak margotzen jardun zuen, eta 70eko hamarkadan berriro ere meatzarien Bilbo margotzeari ekin zion, eta tartean, Urdaibaiko paisaiak ere ikus zitekeen bere lanen artean. 1977. urtean, Labe Garaietan sartu, eta ospea eman zioten hainbat margolan egin zituen, gainontzeko margolariek margotu ez zituzten txokoak margotuz. Mende bukaeran 50eko hamarkadara bueltatu zen, baina bere ukitu pertsonala eman zion, profesionala.