Hamargarren Euskal Jaia ospatzeko bilduko dira gernikarrak zapatuan. Goizetik gauera bitarteko egitaraua prestatu dute egun horretarako, eta jai girorik ez dela faltako ziurtatu dute.
12:00etan botako dute txupina Merkurio iturrian, baina horren aurretik, azoka berezira bertaratzeko aukera egongo da; izan ere, 09:00etarako zabalduko dute sukalkia eta Errioxako ardoa protagonista izango dituen azoka, Merkatu plazan. Bertan, hamahiru ekoizleren baserriko produktuak erosteko aukera egongo da, besteak beste. Halaber, artisauen otzarak, zeramika lanak eta bestelakoak ere izango dituzte salgai.
Txupinagaz batera, musikak hartuko du herria eta Euskal Herriko abesbatzen, Urdaibai kantagunearen, Segundo Olaeta musika eskolako ikasleen, txistulari eta gaiteruen eta fanfarriaren doinuak nagusituko dira. Musikagaz ez ezik, dantzekin ere gozatu ahalko da zapatuan, Elai-Alai dantza taldearen eskutik.
Kirola ikusteko aukera ere izango da, eta horretarako Artekalera jo beharko du herritarrak, bertan egingo baitu Piratak Herri Kirol Taldeak erakustaldia.
Egunak, hala ere, dantzak, kantak eta kirola baino gehiago eskainiko du, ardi larre-aldaketak ikusteko aukera ere egongo baita Saraspe plazan hasi eta Artekalen bukatuta.
Eguerdi partean, dantzekin jarraituko dute, eta ondoren, herri bazkarian elkartuko dira, Merkatu plazan. Festak jarraitu egingo du, eta baita kantuak eta dantzek. Hala, Dunbots txaranga eta Eingo eta Lehian taldeak izango dira herria musikaz eta kantez janzteko ardura izango dutenak iluntze eta gau partean.
Umeek ere izango dute ondo pasatzeko aukera Euskal Jaian, beraiei zuzendutako txokoa jarriko baitute Merkatu plazan.
Herriak kolore eta itxura berezia hartuko du zapatuan, euskal jantziekin eta jaiko zapiekin jantziko baitira herritarrak. Euskal Jaiko zapiak Turismo Bulegoan, Auzokoa tabernan, Lagun Etxea tabernan edota Etxarte Kafetegian erosi ahalko dira.
Jaiaren helburuak. Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak aipatu duenez, Euskal Jaikoa «jarduera anitzeko eguna» da . «Jaia da nagusi, baina hizkuntza eta euskal kultura aldarrikatuta», adierazi du. Hala, hitzordu horren helburu nagusiak «udalerrian euskal tradizioak bultzatzea eta kultura eta euskara herritarren artean zabaltzea» direla azaldu du.
EGITARAUA
Zapatua, urriak 7
09:00. Azoka berezia, Merkatu plazan: sukalkia eta ardoa. 10:00-15:00. Umeen txokoa, Merkatu plazan, UREn eskutik.
12:00. Txupina jaurtitzea. Ostean, Merkurio iturrian: kupel zabaltzea, sagardo eta intxaur eskaintza eta taloen txosna. Herriko kaleetan: Euskal Herriko kantagunea eta Elai Alai dantza taldea. Kalejira Segunda Olaeta Musika Eskolagaz (trikitixa eta txistulari taldeak, Euskal Fanfarria), Gazteak Txistulariekin eta Busturialdeko Gaiteru eta trikitilariekin.
13:00. Piratak Herri Kirol Taldearen erakustaldia, Artekalen.
13:30. Ardi larre-aldaketa (Trashumantzia):?Saraspen hasi eta Artekalen bukatu. Ardi taldeak eta artzain lanak.
14:00. Erregelak Elai Alai dantza taldearen eskutik, Merkurio inguruan.
15:00. Herri bazkaria, Merkatu plazan. Bazkalostean, kantak eta dantzak Urdaibai Kantagunea eta Elai Alai dantza taldearen eskutik.
15:30-19:00. Umeen txokoa, Merkatu plazan, UREk antolatuta.
19:30. Dunbots txaranga, Merkatu plazatik abiatuta.
19:30. Eingo taldeagaz kantan eta dantzan herriko kaleetatik, Merkatu plazatik hasita.
21:30. Erromeria Lehian taldearen eskutik, Pasealekuan.