Herrian kaltetuta dauden zenbait gune konpontzen ari da Bermeoko Udala. Hala, asfaltatze lanak egiten dabiltza.
Asfaltatze lanak Zubiaur Tar Kepan. Argazkia: Bermeoko Udala
Araneko kiroldegirako bidean eta inguruan, Aritzatxu bidean eta Zubiaur Tar Kepa, Aritzaxu bidea eta sarrerako biribilgunearen arteko zeharbidean egingo dituzte asfaltatze lanak.
Benito Ibarrolaza Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, bide horiek asfaltatzeaz gain, herriko beste hainbat kaletan dauden zuloak eta akatsak konponduko dituzte. Arresi, Atalde, San Martin eta Teodoro Anasagasti kaleetan egingo dituzte lanak, bai eta Talan ere.
Irisgarritasuna hobetzeko, ibilgailuen abiadura murrizteko eta segurtasuna bermatzeko, bestalde, zeharbideko hiru zebrabide eta Artike kaleko beste bat altxatuko dituzte, eta espaloiaren neurrira jarriko dituztela jakinarazi dute.
Lan horiek guztiak lau astetan egin gura dituzte, “eguraldiak laguntzen baldin badu”. Behin asfaltatze lanak amaituta, margotze lanak egingo dituztela azaldu dute udaletik.