Kataluniako instituzio, sindikatu eta gizarte eragileek bat egin dute gaur Taula per la Democracia plataformak egindako deialdiagaz, eta elkarretaratzeak egiten ari dira, domekan erasoak jasan zituzten eskolen aurrean eta udaletxeetako atarietan.
Bermeoko Udal Zaharren Egoitzan egindako elkarretaratzea. Argazkia: Ramon Garaizar
Sindikatuek deituta,
Catalunya nahiz Euskal Herrian herriak erabaki lelopean, Euskal Herrian ere mobilizazioak egon dira gaur. Lan-zentro guztietan elkarretaratzeak egitea proposatu dute sindikatuek, «Kataluniako prozesuari eta bere erabakiei babesa emateko eta espainiar estatuaren jarrera eta jarduera salatzeko». Hala, deialdiari jarraiki, Busturialdeko herrietan ere, elkarretaratzeak egin dituzte laneko atseden orduan.
Bermeon, esaterako, 11:15ean, Udal Zaharren Egoitzaren kanpoan batu dira Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko langileak. Beranduago, 12:00etan, Lameran, udaleko gainontzeko langileak batu dira. Lamerako elkarretaratzera herritarrak ere batu dira.
Gernika-Lumon ere egin dute elkarretaratzea udaletxeko langileek 12:00etatik 12:15era. Hain justu, udaletxearen aurrean bildu dira “oinarrizko eskubide demokratikoen defentsan eta espainiar estatuaren bidegabekeriaren aurrean, katalanei elkartasuna eta babesa adierazteko”.
Gernika-Lumoko udal langileen elkarretaratzea.