Euskara ikasteko diru laguntzak emango ditu aurten ere Eako Udalak
Euskara ikasi edo euskaraz trebatzeko asmoa duten bizilagunei laguntzeko konpromisoa berretsi du Eako Udalak.
Herritarrek ikastaroa amaitzean eskatu ahalko dute diru laguntza, baina horretarako zenbait baldintza betetzea ezinbestekoa da. Hain zuzen, udalerrian erroldatuta egotea eta euskara eskolak euskaltegi homologatu (ofizialki onartutakoa) batean jasotzea eskatzen da. Diru laguntza jasotzeko gutxienez %70eko asistentzia bete duela frogatu beharko du diru laguntza eskatzen duenak.
Eskaera egitean ondorengo dokumentazioa aurkeztu behar dute bizilagunek: udaleko eskaera orria, euskaltegiko matrikularen ordainagiria eta euskaltegiko aprobetxamendu ziurtagiria.
Hala, matrikularen %100 diruz lagunduko du udalak, baina urteko eskatzaile bakoitzak gehienez 700 euro jasoko ditu.
Informazioa. Diru laguntzari buruzko informazio gehiago edo zalantzak argitzeko martitzen eta eguazten goizean udaletxera (10:00-12:00) edo astelehenetik barikura Eskolondora arratsaldetan (17:00-20:00) hurreratu daitezke herritarrak.