'Bermeo eta Ondarroa, hizkuntzaren garapenean eragiten duten faktoreak' ikerketa aurkeztuko dute eguenean Bermeon
Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxeko Gaztelekuan egingo dute aurkezpena, 19:00etan.
Azaldu dutenez, azterlana egiterako orduan kontuan hartu dituzte Bizkaiko kostaldeko herri bitan euskarak duen bilakaera, eta horretarako Bermeoko eta Ondarroako egoerak aztertu dituzte. Azterketa hau egiteko metodologia parte hartzailea erabili dute; hortaz, herri bietako herritar askok parte hartu dute eztabaida taldeetan, elkarrizketetan eta galdetegiak eginez. Azterketaren nondik norakoak eta galderak eta erantzunak etzi aurkeztuko dituzte Bermeon.
Honakoek parte hartuko dute egueneko aurkezpenean: Eneritz Albizu eta Goizane Arana UEMAko teknikariak eta ikerketaren egileak; UEMAko lehendakari Josu Labakak; Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek; Bermeoko euskara arduradunek eta Ondarroako udal ordezkariek.
Udalerri euskaldunetan euskararen gaitasunak eta erabilera sozialak azken urteotan izan duten bilakaera aztertzea beharrezkoa dela diote, batez ere, bilakaera horretan beheranzko joera duten herrietan. Joera hori duen udalerrietako bat Bermeo da; hala, Bermeoko Udalak eskatuta, horren atzean egon daitezkeen arrazoiak edo faktoreak aztertu ditu UEMAk, aurrera begirako lan ildoak zehazteko.