Udagoienagaz gozatzeko
Herrietako jaiak udagaz lotzen baditugu ere, udazkenean ere bada zeregaz egin festa. Egunotan, esate baterako, sanmigelak ospatzeko elkartuko dira herritarrak Mendatan, Bermeon zein Amoroton.Uda igaro da, baina festak oraindik ere Busturialdean eta Lea...
Herrietako jaiak udagaz lotzen baditugu ere, udazkenean ere bada zeregaz egin festa. Egunotan, esate baterako, sanmigelak ospatzeko elkartuko dira herritarrak Mendatan, Bermeon zein Amoroton.
Uda igaro da, baina festak oraindik ere Busturialdean eta Lea-Artibain jarraitzen du.Mendatan herriko jai nagusiak ospatuko dituzte, eta zapaturako egun borobila antolatu dute, El Rocio erromeriagaz. 11:00etan hasi eta goizaldera bitarte, ez da etenik izango Busturialdeko herri horretan. Egunaren hasieran, Eleizaldetik Mendaturi auzorantz abiatuko dira, erromerian, idi eta zaldiekin, besteak beste. Bidean, gainera, edateko, jateko eta abesteko aukera ere izango da. Mendaturira helduta, kantuan eta dantzan jarraituko dute, Txo Sevilla taldearen eskutik. Eguerdian, herri bazkarian bilduko dira herritarrak, eta iluntzean, suziriak ikusteko aukera emango dute. Arratsaldean, gainera, ezustekoentzako tartea ere izango dela aurreratu dute. Gauean, dantzan jarriko dituzte herritarrak Norte Flamenco taldeak eta DJ Alexek.
San Migel eguna, hala ere, bihar ospatuko dute hiru herrietan, eta Mendatan meza, makailao jana, patata tortilla txapelketa, mus txapelketa eta trikipoteoa prestatu dituzte, besteak beste. Domekan, aldiz, umeentzako puzgarriak, meza, briska txapelketa eta txokolate jana egongo dira aukeran.
Zarrabenta auzoko jaiekin jarraituko dute festa giroan Mendatan, urriaren 7 eta 8an. Ohiko asto probak egingo dituzte egun bi horietan. Gainera, makailao jana, erromeria eta zelai meza ere antolatu dituzte zapatu-domeka horretarako.
Bermeoko San Migel auzoan bariku, zapatu eta domekan ospatuko dituzte jaiak. Hala, udalbatzari harrera egin ostean emango diete hasiera gainontzeko jarduerei ere, eta egun horietan honakoak izango dira aukeran: hamaiketakoa, mus eta briska txapelketak, auzotik ibilaldia, meza, umeentzako jolasak, hirugihar jana, dantzaldia eta herri kirolak.
Amoroton, bestalde, bihar ospatuko dute San Migel eguna. Meza ostean mokadutxoa jateko elkartuko dira herritarrak, plazan. Ondoren, erromerian bilduta, dantza eta kanta egiteko aprobetxatuko dute.