San Jeronimo jaiek musikaz beteko dute Mutrikuko Mijoa auzoa
Hara! taldea oholtzara itzuliko da, uda kontzerturik eskaini ezinda igaro ostean. Domeka goizean egitekoa zen meza ez dela egingo jakinarazi dute antolatzaileekMutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaietako ekintza nabarmenena izango dira aurten kontzert...
Hara! taldea oholtzara itzuliko da, uda kontzerturik eskaini ezinda igaro ostean. Domeka goizean egitekoa zen meza ez dela egingo jakinarazi dute antolatzaileek
Mutrikuko Mijoa auzoko San Jeronimo jaietako ekintza nabarmenena izango dira aurten kontzertuak, eta emanaldi horiekin amaituko da egun handia, San Jeronimo eguna.Iaz, barikuz hasi ziren jaiak, baina aurten zapatuko lehenengo orduan egingo du eztanda festak Mijoa auzoan. Aurtengo egitarauan, azken orduko aldaketa bat egin dute antolatzaileek, eta domeka goizeko meza bertan behera geratu da, eta bakarrik zapatu goizean egingo dute meza ermitan.
Urtero bezala, Mutriku Sokatira Taldeko kideek ere euren hitzordua edukiko dute, Europako txapelketatik itzuli berri. Lehenengo, trontza eta motozerrarekin enborrak ebakitzen ariko dira, ondoren auzoko lehen harri jasotze txapelketa egingo dute, eta goizari amaiera emateko, giza proba egingo dute, hiru lagun soka batetik tiraka jarrita.
Arratsaldean, umeentzako jolasak egongo dira, eta Ibiriko abereekin batera Patxilin de Isasi zezentxoen laguna ere bertan egongo dela adierazi dute antolatzaileek.
Gauean, musikaren txanda izango da. Hara! eta Joxpa talde ondarrutarrek girotuko dute auzoa. Hara! taldea agertokietara bueltan da, uda garaian taldekide batek bere oporraldian edukitako ezbehar baten ondoren hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan eta gero. Taldekoek aitortu dutenez, «gogotsu» daude zapatuko kontzertua iristeko, «gogorra baita kontzertuak eskaini nahi eta jo ezin izatea». Besteak beste, Ondarroako Andra Mari jaietako Arrantzale Egunean jo beharreko kontzertua utzi behar izan zuten bertan behera, eta euren esanetan gogorra egin zitzaien hori: «Gogo handia geneukan gure lan berria herritarrei aurkezteko, eta, zoritxarrez, ezin izan genuen hainbeste esperotako kotzertua eskaini». Berezia da beti inguruko herrietan jotzea, batez ere kontzertura datozen asko ezagunak direlako, eta maiatzean Berriatuko jaietan jo zutenean gertatu bezala, seguru daude zapatuan ere ez dela girorik faltako San Jeronimo jaietan.
Domeka goiza lasaiagoa izango da aurten, eta gehienbat auzoko txikienei zuzendua. Beraien arteko herri kirol lehia egingo dute, eta goiz guztian puzgarriak ere edukiko dituzte. Jaiari amaiera emateko, errifen zozketak egingo dituzte. San Jeronimo jaietako antolakuntzak bai mutrikuarrei eta baita inguruko herrietakoei ere gonbidapena luzatu nahi izan diete auzoko jaietara joateko: «Ondo pasatu eta jaietan gozatu».