Erabakitzeko bidean
Kantuan, auto karabanan, poteoan, bazkaritan... Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Ibarrangelun eta Elantxoben.Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Elantxobeko Gure Esku Dago taldeko kideek kantu-auto karabana egin zuten zapatuan. Hain zuzen, ha...
Kantuan, auto karabanan, poteoan, bazkaritan… Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Ibarrangelun eta Elantxoben.
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Elantxobeko Gure Esku Dago taldeko kideek kantu-auto karabana egin zuten zapatuan. Hain zuzen, hamabost bat auto batu ziren karabana berezi horretan.Elantxoben irten, eta Ibarrangeluko herrigunea, Laga eta Laida hondartzak eta Gautegiz Arteaga zeharkatu zituzten. Ostean, Ereñon egin zuten lehen geldialdia. Gitarra, trikitixa eta pandero doinuek lagunduta, Ereñozar tabernaren aurrean kantuan aritu ziren.
Ibarrangeluko Gure Esku Dago taldeak ere bere aldarrikapena egin zuen zapatuan. Hain zuzen, herri kanta bazkarian batu ziren herritarrak Arbolizeko txokoan. Hala, aldarrikapena egin eta bi herrietako bizilagunek talde argazkia atera zuten. Kataluniarrei ere haien babesa eta elkartasuna adierazi zieten; ikurrinagaz eta senyeragaz atera zuten argazkia. Ostean, elantxobetarrek porturako bidea hartu zuten, eta hango tabernetatik kantuan ibili ziren.
Galdera zehaztuko dute
Ibarrangeluko kantu bazkarian ere giro itzela izan zuten, eta udalerriko GED-ren kideek kantari, musikari, antolatzaile eta bazkarira joandako herritar guztiei eskerrak eman dizkiete: «Parte hartze aldetik jende pila bat batu ginen; txokoa beteta egon zen, eta giro ederra izan genuen», esan dute.
Bestalde, barikuan erabakiko dute azaroaren 5ean zein galdera egingo duten. Horretarako, 19:00etan elkartuko dira Kultur Etxean. Lehenago, Laura Mintegi Lakarrak eta Inaki Zarraoa Zabalak Gure esku dago benetan? berbaldia eskainiko dute.