Kataluniari babesa emateko mozioak onartu dituzte hainbat udaletan
Bermeo, Gernika-Lumo, Busturia, Ondarroa, Lekeitio eta Berriatuko udalek onartu dituzte mozioak; beste hainbat herritan asteon batuko dira ezohiko osoko bilkuretanGero eta gehiago dira azken orduetan Kataluniako erreferendumari babesa eman eta Espainia...
Bermeo, Gernika-Lumo, Busturia, Ondarroa, Lekeitio eta Berriatuko udalek onartu dituzte mozioak; beste hainbat herritan asteon batuko dira ezohiko osoko bilkuretan
Gero eta gehiago dira azken orduetan Kataluniako erreferendumari babesa eman eta Espainiako Gobernuaren jarreragaz bat ez datozenak. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko udal asko horretara gehitu dira, eta Kataluniari babesa emateko mozioak onartu dituzte. Gaur gaurkoz, Bermeo, Gernika-Lumo, Busturia, Ondarroa, Lekeitio eta Berriatuko udaletan onartu dituzte mozioak.Mozioaren bidez, udalek «kezka» adierazten dute, eta «baztertu» egiten dute «egitateen bidez Kataluniako autonomian eragin den esku hartzea». Horrez gain, «Estatuko segurtasun indar eta kidegoek egindako operazio polizialak» baztertzen dituzte.
«Askatasunean adierazitako herritarren borondatea edozein herri edo talderen etorkizuna eraikitzeko tresna politikorik eraginkorrena» dela deritzote. Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatzen diote «demokraziaren funtsezko abiaburuen kontrakoa den oinarrizko askatasunen errepresio-estrategian atzera egin dezan eta Kataluniak bere borondate demokratikoa adierazteko aukera izan dezan».
Hala, udalek «funtsezko printzipio demokratiko guztiekiko konpromisoa» berretsi eta Espainiako Gobernuak zuzendutako errepresio politikoa eta antidemokratikoa pairatzen ari diren pertsona zein instituzio orori eta Kataluniako herriari elkartasuna adierazi die.
Elkartasuna adierazteko, gainera, Gernika-Lumo eta Ondarroako udalbatzek elkarretaratzeak egin dituzte.
Beste alde batetik, Ondarroako Zaldupeko Zubiaren pareko zebrabide bat baliatuta, estelada bat margotu zuten bariku gauean, aske izateko baimenik ez dela behar adieraziz.
Lekeition EH Bilduk eta EAJk mozio bana aurkeztu zuten; biak onartu zituzten. Bestalde, EH Bilduk deituta, manifestazioa egin zuten bariku iluntzean Lekeitioko kaleetan, Katalunia Demokrazia lelopean.
Bermeoko Udalak jakitera eman duenez, udaleko bi ordezkarik parte hartuko dute urriaren 1ean, begirale moduan.
Mozioak beste askotan
Jakinarazi dutenez, asteon ezohiko osoko bilkurak egingo dituzte beste herri batzuetan, mozioak sartzeko.
Adibidez, Errigoiti eta Nabarnizeko udalek eguenean egingo dituzte osoko bilkurak, eta, bietan Kataluniako prozesuari babesa emateko mozioak daramatzate gai ordenean. Eako Udalean, Lekeition bezala, bi mozio daudela azaldu dute udal ordezkariek; bata EH bildurena, eta bestea EAJrena. Ean, gaur daukate osoko bilkura.
Bestalde, Gernika BHIko irakasleek elkarretaratzea deitu dute gaurko, Kataluniako herriari elkartsuna adierazteko. 11:00etan institutu aurrean elkartuko direla jakinarazi dute.