Eskualdeko futbol talde gehienek ez dituzte ligak ondo hasi
Asteburuan hasi dituzte euren txapelketak Lea-Artibaiko nagusien futbol taldeek eta Mutrikuko neska seniorren futbol taldeak, eta lehen jardunaldia ez da bat ere oparoa izan.Lekeitio Futbol Taldeko nagusiak izan dira bakarrik garaipena lortu dutenak. 4...
Lekeitio Futbol Taldeko nagusiak izan dira bakarrik garaipena lortu dutenak. 4 eta 1 irabazi zioten Dinamo San Juan taldeari Larrotegin. Endika Iza eta Eneko Mendieta izan ziren goleatzaileak, bakoitzak bi baloi sareratuta.
Gainontzeko taldeek ez zuten garaipenik lortu. Ohorezko Mailan, Aurrera Kirol Elkarteak 3-0 galdu zuen Zallaren aurka Landaberri futbol zelaian.
Artibaik Basaurin jokatu zuen partiduan etxekoak aurreratu ziren markagailuan, eta Aitor de Paz eta Eñaut Gorosabelen golei esker markagailuan hurbiltzea lortu bazuten ere, ez ziren nahikoa izan. Berriatukok ere ez zuen punturik lortu. Gernika Sportingek 3 puntuak eraman zituen Ibarratik. Aitor Serrano izan zen golegilea.
Mutriku Futbol Taldeari dagokionez, berriz, neska seniorrek ez zuten liga ondo hasi. 2-1 galdu zuten Azkoagainen, Oñatiko Aloña Mendiren aurka. Mutilek, berriz, hirugarren jardunaldia jokatu zuten zapatuan, eta 3-1 galdu zuten Tolosaren aurka Berazubin. Mikel Arrizabalaga izan zen mutrikuarren golegilea.