Elantxobeko Gure Esku Dago taldeko kideek
kantu auto karabana egin zuten zapatuan, eta Ibarrangeluko taldeak deituta,
herri kanta bazkarian batu ziren herritarrak Arbolizeko txokoan. Hala, bi herrietako bizilagunek talde argazkia atera zuten elkarrekin.
Kataluniarrei ere haien babesa eta elkartasuna adierazi zieten; ikurrinagaz eta senyeragaz atera zuten argazkia.
Ibarrangelutarrek eta elantxobetarrek ateratako talde argazkia.
(Argazkia: Elantxobeko GED).
15 bat kotxe batu ziren auto karabanan. Elantxoben irten, eta Ibarrangeluko herrigunea, Laga eta Laida hondartzak eta Gautegiz-Arteaga zeharkatu zituzten. Gero, Ereñon egin zuen lehenengo geldialdia. Gitarra, trikitixa eta pandero doinuek lagunduta Ereñozar tabernaren aurrean kantuan aritu ziren.
Ereñotik Ibarrangeluko Arboliz auzora abiatu ziren, eta bertan herri bietako ordezkariek elkarrekin atera zuten argazkia.
Kantu auto karabana amaitzeko, Elantxobeko portura 14:30ean heldu eta portuko tabernetatik kantatzen ibili zen taldea.
Ibarrangelun galdera erabakitzera
Ibarrangeluko kantu bazkarian ere giro itzela izan zuten, eta udalerriko GEDren kideek kantari, musikari, antolatzaile eta bazkarira joandako herritar guztiei eskerrak eman dizkiete: “Parte hartze aldetik jende pila bat batu ginen; txokoa beteta egon zen, eta giro ederra izan genuen”.
Ibarrangeluko kanta bazkarian batu ziren herritarrak.
Argazkia: Ibarrangeluko Gure Esku Dago.
Bestalde,
bariku honetan (irailak 28) erabakiko dute azaroaren 5eko herri galdeketarako galdera zein izango den.
19:00etan elkartuko dira
Kultur Etxean. Galdera zehaztu aurretik, Laura Mintegi Lakarrak eta Inaki Zarraoa Zabalak
Gure esku dago benetan? berbaldia eskainiko dute. Mintegi idaztea, unibertsitate irakaslea eta EH Bilduko legebiltzarkide izandakoa da, eta Zarraoa, aldiz, Getxoko alkate ohia (EAJ) eta EITBko zuzendaria izan zen
1991-1999 bitartean.
Argazkiak: Elantxobeko Gure Esku Dago