Oraindik arin da azken emaitza zein den ikusteko, baina lan eta lan dabiltza Gautegiz Arteagako
Ibilaldi of Styles ekimenean parte hartzen ari diren 26 kale artistak.
Grafitien bitartez, kolore berezia ematen ari dira herriko txoko ezberdinei, herritarrei kale arteagaz gozatzeko aukera emanez. 11:00etan hasi dira gaur lanean, eta 20:00etararte lanean ibiliko dira. Bihar ere, ordutegi berdina izango dute. Ordura arte, beraz, lan handia daukate aurretik.
Askotariko estilo eta euskarriak erabiltzen ari dira, denak baina gai berdina landu beharra daukate: Urdaibai. Hori bai, bakoitzak gura duen irudia egiteko aukera daukatela azaldu dute artistek. Gaurkoan, gainera, eguraldi ederra daukate lan egiteko.
Migel Atutxa eta Danel Kastaño elkarrekin ari dira lanean. Atutxarentzat hormairudi bat gehiago da, bere lana hori baita. Kastaño, hala ere, pozik zegoen eman dioten aukeragaz, zaletasunez egiten baitu. Mawa ere “oso pozik” zegoen Gautegiz Arteagan: “Ideia oso ona eduki dute, leku lasai batean lanean ari gara eta gure arteko topaketa bat ere bada”.
Ibon Lopez eta Maialen Muruetagoienaren arabera, “luxua” da eman dioten aukera, eta Gautegiz Arteagako Udalaren inplikatzea eskertu dute. Arteaz lan egitea “zaila” dela dio Muruetagoienak, baina, horretaz bizitzea gustatuko litzaioke. Lopezek, berriz, ez du artea lanbidetzat nahi, “nahiago dut zaletasuna izatea, bestela, nekatu egingo nintzateke”.
Eguzkipean lanean, baina pozik zegoen Azuri. “Jendeak gure lana ikusteko aukera izango du, letrak baino gehiago egiten duguluko”, esan du.
Grafitiak herrian aukeratutako 16 tokitan egiten ari dira;?hala nola, Urdaibai Bird Centerren, Aberasturi apartamentuetan, Gazteluan edota udaletxean. Grafiti danak ikusteko antolatzaileek proposatutako ibilbidea 45 minututan egin daitekeela aurreikusten dute.
Honakoak dira Gautegiz Arteagako
Ibilaldi of Styles ekimenean parte hartzen ari direnak: As11, Aspe, Azuri, Belar, Decima, Eik, Goal, Habese, Juan Sen, Keie Kero, Kzn, L.A, Mai, Mawa, Oner, Puzle, Roke, Rope, Say, Siakone Somke Signalas Studio, Sock, Uka, Wesh, Zermounoz. Gehienak bizkaitarrak badira ere, bestelako tokietatik ere iritsiko dira artistak: Malaga edo Jaenetik (Espainia) , esaterako.
Gautegiz Arteagako Udalak herriko artista Mikel Aldekogarairekin batera martxan jarritako ekimena da.