Eguraldi ederra dute gaurkoan. Hala, eguzkiagaz batera, hainbat izan dira kalera atera diren Busturiko bizilagunak. Inguruko herrietako jendea ere bazegoen gaur Axpe auzotik. Busturiko azoka ekologikoaren txanda da gaur.
25 ekoizleren produktuak dastatzeko eta erosteko aukera eduki dute bertaratutakoek. Ortuariez gain, marmeladak, gazta eta esnekiak, ogia, pasta ekologikoa, kosmetikoak, eskulanak… aurkitu ahal izan dituzte.
Era berean, Busturiko boluntarioek egindako talo eta txorizoa ere dastatu ahal izan da. Giroa ere ez da falta izan. Herriko txistulariak eta Irrintzi Alai Dantza taldeko dantzarien kalejira ibili baita auzoko kaleak alaitzen. Trikitilariek ere musikaz bete dituzte auzoko txoko guztiak.
Aurten, gainera, Axpera bertaratu direnak Jakoba Errekondoren lan berria ezagutu ahal izan dute. Hain zuzen ere, Errekondo Busturian izan da
Landareak Lantzen gida-liburua aurkezten. Azokako salmahaietako batean, bere gida-liburua eskuratzeko aukera ere egon da. Gida-liburuaren aurkezpena egiteaz gain, herritarren galderak erantzun ditu, eta zalantza asko argitzeko aukera ere eduki du. Bestalde, gida-liburuak sinatzen ere ibili da.
Hemen argazki galeria