«Patroi moduan asko ikasi dut; esperientzia oso gogorra izan da»
Lehen taldeagaz lehenengo denboraldia bete du Eneko Bilbao Ormaetxeak (Bermeo, 1995). Azken bi estropadetan patroi izan, eta taldearen 7. bandera astindu eta koroa altxatzeko ohorea izan du.Denboraldi hasieratik amaierara lidertzari eutsita, seigarren ...
Lehen taldeagaz lehenengo denboraldia bete du Eneko Bilbao Ormaetxeak (Bermeo, 1995). Azken bi estropadetan patroi izan, eta taldearen 7. bandera astindu eta koroa altxatzeko ohorea izan du.
Denboraldi hasieratik amaierara lidertzari eutsita, seigarren liga garaipena lortu duzue. Zelako balorazioa egiten duzu?Hasieratik ez dugu kendu Eusko Label ligako mailota, eta orain dela laupabost hilabete, denboraldia hasi baino arinago inork ez zuen imajinatuko holan hasi eta bukatuko genuenik.
Ligako azken bi estropadetan patroia izan zara. Asteburu berezia izan da zuretzat?
Oso berezia izan da, bai. Liga jokoan egon da, eta, gainera, estropada bat etxean izan da. Domekako estropadan bandera irabazteaz gain, koroa etxera ekarri dugu; oso pozik amaitu dugu.
Azken bi estropadetan, liga erabaki barik zegoela, entrenatzaileak zure aldeko apustua egin du. Horrek zer suposatu du zuretzat?
Barikuan esan zidan etxeko estropada nik egingo nuela, baina domekakoa ez nuen azken momentura arte jakin. Oso urduri egon nintzen, baina entrenatzaileak nigan konfiantza hori erakusteak indar handia ematen du, batez ere datorren urterako jarraitzeko.
Herriko estropada zelan bizi izan zenuen? Etxean izateagatik urduriago egon al zinen?
Herrian izateaz gain, Hondarribiarekiko geneukan 3 puntuko abantaila hori handitu edo txikitu ahal zen. Oso urduri egon nintzen bai asteburuan eta baita aste osoan ere.
Portugaleten liga zuena zela jakitean, zer sentitu zenuen?
Domekan bi garaipen lortu genituen, batetik koroa eta bestetik bandera. Garaipena lortzeko esan behar da kaleen zozketan zortea eduki genuela; bigarren luzean joanda, Hondarribia atzean geratu zen, eta banderaren bila joan ginen. Bandera lortu genuen, eta oso pozik geunden. Batez ere lagunekin eta familiagaz akordatzen zara hala- koetan. Esan behar dut zaletu jakin batzuk egon direla hor atzean; momentu txarretan eta momentu onetan guri bultzada ematen ibili dira, eta benetan eskertu behar zaie eman diguten laguntza hori.
Zaleak aipatu dituzu, baina herri osoa egon da zuekin, eta beste urte batez bermeotarrek harrera beroa egin dizuete, bai Kontxa ostean, bai eta liga amaieran ere.
Momentu horiek nahikoa hunkigarriak dira. Horren atzean izugarrizko lana dago. Irabazi ez arren egin ziguten harrera oso polita izan zen. Herriaren babes hori sentitzeak indarra eta animoak eman zizkigun ligako azken estropadetarako, eta beharrezkoa izan zen.
Kontxako lehenengo jardunaldian azkarrena izan zen Urdaibai, baina bigarrenean Oriok erakustaldia eman zuen. Traineru barrutik barik, kanpotik bizi izan zenuen.
Kanpotik inpotentzia sentitu nuen. Bandera eskuan eduki eta bi minututan galdu genuela ikusteak inpontentzia handia eman zidan.
Kontxa ez irabaztearen arantza hori geratu al zaio taldeari? Eta zuri, Kontxan traineru barruan joan ez izanaren arantza geratu zaizu?
Nahiz eta denboraldi oso ona izan, borobiltzea falta izan zaigu. Baina, hala eta guztiz ere, oso positiboa izan da denboraldia.
Eusko Label ligako hamazortzi estropadetatik hamarrean aritu zara patroi, bai eta Bizkaiko Txapelketan ere. Denetatik zein izan da bereziena, edo bereziki gogoratzen duzuna?
Batez ere patroi moduan irabazi nuen lehenengo bandera da gogoan daukadana, Hondarribiakoa. Aurretik taldea banderak irabazten zebilen, eta ni kanpoan. Abuztuko lehenengo astean izan zela uste dut, eta bandera hori lortu genuenean oso pozik sentitu nintzen. Gainera, gure aurkari zuzena den Hondarribiaren etxean irabazteak balio handiagoa dauka.
Lehiatu gura eta egin ez duzun estropadaren bat geratu zaizu?
Ia estropada denak egin nahi izaten ditugu denok. Baina, batez ere, egin dudan eta arantza geratu zaidan estropada Zarauzkoa da. Ez nuen eta ez genuen estropada hain ona egin; emaitza ez zen ona izan. Itsasoko estropada izanik zerbait geratu zait.
A taldeagaz lehen urtea izan da zuretzat. Zelako esperientzia izan da?
Asko ikasi dut. Esperientzia oso gogorra izan da. Askotan zaleek ikusten dute bi hilabeteko denboraldia dela, baina denboraldi horren atzean negu oso bat dago, bai eta sufrimendu handia ere.
Umetako amets bat bete zaizula esan liteke? Imajinatu zenuen inoiz hona helduko zinenik?
Amets bat bete dut, bai. Eta orain aurrera segitu behar dut, urtean txarto egindako gauza horiek zuzentzen, eta datorren denboraldira begiratzen.
Zure anaia ere harrobikoa da, eta harentzat ere lehen urtea izan da A taldean. Zelan daroazue talde berean egotea? Zaila da anaia zaharragoari aginduak eman behar izatea?
Urte asko egon gara elkarregaz Bermeo-Mundaka traineruan, eta askotan broma asko egiten ditugu; «zuk ez dakit zenbat bandera, nik ez dakit zenbat»… Baina pozik gabiltza elkarregaz.
Hamar urtetik gora daramatzazu klubean. Beti patroia izan zara?
15 urtegaz egin nuen patroi moduan lehen estropada 2011n. Mundakako traineruan izan zen, eta ordutik beti izan naiz patroia.
Jon Salsamendiren ostean, Joseba Fernandezek hartu zuen taldea zuzentzeko ardura, eta emaitza onak lortu dituzue. Zelako harremana izan duzue?
Harremana oso ona izan da, eta pertsonalki uste dut nigaz lan handia egin duela; ez da erraza esperientziarik gabeko patroi bat halako talde batean ipintzea, eta hori eskertu egiten diot, eman didan konfiantza maila. KAE ligagaz alderatuta, exijentzia maila handiagoa da orain. Akatsak badituzu entrenatzaileak arreta gehiago jartzen du, eta agindu gehiago ematen dizkizu.
Patroi moduan nortzuk dira zure erreferente edo eredu?
Patroi moduan ligako patroi guztietatik euren parte onena hartzen saiatzen naiz; denengandik apur bat ikasten.
Traineru barruan zoazenean taldekideei zer esaten diezu?
Batez ere, banan-banan animatzen ditut. Banan-banan izendatu, animatu eta taldea aurrera ateratzea da nire lana. Taldea kanpora ez irtetzea, barruan jartzea arreta. Askotan ziabogan bakarrik ikusten da gure lana, baina horren atzean gauza asko daude: ibilbide bat zelan egin, taldea zentratu… Ematen duena baino konplikatuagoa da.
Datorren denboraldiari begira, zein da zure helburua?
Etxean segitu, eta ikasten jarraitzea. Aurten egin ditudan akatsetatik ikasi, eta aurrera egin.
Zerbait aldatu ahal bazenu, zer aldatuko zenuke?
Nahiz eta traineru barruan ez joan Kontxako estropada aldatuko nuke. Azken momentuan banderak zelan ihes egin zigun ikustea oso gogorra izan zen. Egun hartako itsasoagaz bagenekin gauzak oso zail izango genituela, eta borrokatu beharra zegoela. Halako itsasoagaz lau segundoko abantaila ez da ezer.