26 kale artistaren lanez jantziko dute Arteaga
Ibilaldi of Styles ekimenaren baitan, 26 kale artistaren lanak hartuko ditu asteburuan Gautegiz Arteagak. Grafitien bitartez, kolore berezia emango diete herriko txoko ezberdinei, herritarrei kale arteagaz gozatzeko aukera emanez.Gautegiz Arteagako Uda...
Gautegiz Arteagako Udalak herriko artista Mikel Aldekogaraigaz batera martxan jarritako ekimena da Ibilaldi of Styles. Hala, elkarlanean, artearen sormen artistikoa sustatzeaz eta herriko gune ezberdinak erakusteaz arduratuko dira zapatu eta domekan, herriko zein kanpokoei herriaz gozarazteko gonbitea eginez.
Grafitia gazteen interes handiko artea dela uste du udalak, eta, era berean, bisitariak erakartzeko baliogarria dela deritzo.
Zapatuan zein domekan 11:00etatik 20:00etara egongo da «herriari balio kulturala eta turistikoa emango dieten lan» horiek ikusteko aukera. Ordu horien artean 26 artistek herriko kaleak hartuko dituzte, euskarri ezberdinetan (kutxetan, hormetan, paneletan…) egindako grafitiak eskainiz. Herri osoan ikusi ahalko dira estilo ezberdinetan egindako lanak: errealistak, abstraktoak… Estilo eta euskarriak askotarikoak izango badira ere, irudikatu beharko duten gaia bakarra izango da: Urdaibai.
Zuzenean marraztuta
Grafitiak zuzenean marraztuko dituzte, eta honakoak izango dira horien egileak: As11, Aspe, Azuri, Belar, Decima, Eik, Goal, Habese, Juan Sen, Keie Kero, Kzn, L.A, Mai, Mawa, Oner, Puzle, Roke, Rope, Say, Siakone Somke Signalas Studio, Sock, Uka, Wesh, Zermounoz. Gehienak bizkaitarrak badira ere, bestelako tokietatik ere iritsiko dira artistak: Malaga edo Jaenetik (Espainia), esaterako.
Aldekogarai izan da ekimenaren sustatzailea; Euskal Herriko Grafiti Lehiaketatik hartu zuen Ibilaldi of Styles ekimena egiteko ideia, baina, oraingoan, lehiaketa alde batera uztea erabaki du. Grafiti denak ikusteko antolatzaileek proposatutako ibilbidea 45 minutuan egin daitekeela aurreikusten dute.
Grafitiak aukeratutako hamasei tokitan jarriko dituzte; hala nola, Urdaibai Bird Centerren, Aberasturi apartamentuetan, Gazteluan eta udaletxean.